ETAren agiria

2006ko abuztuaren 19a
14:38
Entzun
"ETAk, ekintza armatuen etenaldia iragarri zuenetik 5 hilabete betetzera doazenean, egoera politikoaren larritasunaren inguruan egiten duen irakurketaren berri eman nahi die euskal herritarrei.

ETAk prozesu demokratikoa bultzatzeko xedearekin harturiko erabakiari ez diote alderdi politikoetako arduradunek beren arduraren neurriko erantzunik eman. Prozesu hori elikatzeko eta Euskal Herriaren marko demokratiko bat eraikitzeko bidean urrats sakonak egin beharrean, ezker abertzalearen posizioak higatzeko jarrera batean tematurik aritu dira.

Azken hilabetetako jokabideak aztertzerakoan, hainbat gertakari larri aipatu nahi ditugu:

-- Espainiako Gobernuak errepresioa baliatu du ezker abertzalea ahultzeko. Estatu aparatuak ezker abertzalearen aurkako etengabeko erasoan aritu dira.

-- PSOE eta PNV egin beharreko urratsak denboran atzeratzeko borondate argia erakusten ari dira. Ezker abertzaleari baldintza eta eskari berriak jartzen dizkioten bitartean.

-- Eragile berberak prozesua desitxuratzeko eta mamiz husteko saiakera etengabean ari dira, zabaldutako egoera ETAren amaierarekin eta ezker abertzaleak egungo markoa otzanki onartzearekin identifikatuz.

-- PSOE, bere Estatu eredu propioa garatu eta Gobernuaren agintaritzan irauteko bitarteko soilean bilakatu nahi du prozesua.

Prozesua ez atzera ez aurrera egoera batean aurkitzen da jarrera horien ondorioz. PSOE eta PNVk blokeo egoera horretan duten ardura salatu nahi dugu, beren interes eta beharren neurrira egongo den prozesua eraiki nahian ari direlako. Ardura hori are larriagoa bilakatzen da Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru honetan, berriro ere beren interesen mesedetan Euskal Herriaren etorkizunari muzin egiteko tentaldia nagusitzen ari delako.

Prozesu honek askatu behar dituen korapilo nagusiei negoziazioa eta akordioaren bidezko erantzun zuzena emateko borondate argirik ez dute erakutsi oraino. Alderantziz, hartutako konpromisoetatik aldentzeko jokabidea darabilte. Euskal Herria ukazioa eta zatiketaren markoaren lokatzetan trabatzeko oztopo berriak jartzen ari direlarik. Prozesua usteltzen uzteko asmoa al dute?

ETAren irakurketaren arabera, prozesua krisi egoera nabarmen batean murgildu da. Euskal Herriari marko demokratikoa aitortzearen bidean erabaki sakonik hartu ez duten alderdi politikoen jokabide zekena dago krisi egoera horren iturburuan.

Euskal Herriaren zapalkuntza politiko, militar eta ekonomikoa bere horretan mantentzen da. Estatuek beren zapalkuntza tresneria guztia Herri egiten gaituzten zutoinen aurka erabiltzen jarraitzen dute. Euskal Herriari gaur jartzen zaizkion muga horiek guztiak altxa behar dira benetako egoera demokratiko bat eskuratu ahal izateko. Horiexek dira euskal herritarrok askatu behar ditugun menpekotasun kateak.

Bien bitartean, Espainia eta Frantziako gobernuen aldetik euskal herritarren aurkako erasoek ez dute etenik izan. Kaleen okupazioa, indar armatuen kontrol eta mehatxuak, euskal herritarren bahiketak, ezker abertzalearen eskubide zibil eta politikoen urraketa, euskal preso politikoen aurka salbuespen egoeraren estutzea edota iheslari politikoen aurkako jazarpena azken hilabetetan mantendu diren egoerak ditugu. Espainiako agintariek beren su-eten konpromisoak bete gabe jarraitzen dute.

Errepresio egoera horren mantentzea batera ezina da gatazkaren konponketarako negoziazio prozesu baten garapenarekin. Ohartarazi nahi dugu, Euskal Herriaren aurkako eraso horiek jarraitzen badute, ETAk erantzun egingo duela.

ETAk Martxoaren 22ko Adierazpenean adierazitako helburuak berresten ditu. Norabide horretan hartu behar dira konpromiso eta erabaki argiak.

Euskal herritarrei, helburu horien alde indarrak biltzeko dei zabala egiten diegu, Euskal Herriaren eskubidetan oinarrituriko egoera demokratikoa eskuratzeko bidean herri presioa eginez.

Azkenik, Euskadi Ta Askatasunak bere doluminik sentituenak helarazi nahi dizkio berriki hildako Iñaki Rike Galarza Turroi euskal gudariaren senitarteko eta lagunei. Garaipena iritsi arte Iñaki bezalako burkideen eredua gidari izango dugu gure eguneroko ekintzetan. Agur eta ohore!»

Euskal Herrian, 2006ko abuztuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.