"ETAren ekintzarik eza urrats ausartekin laguntzeko" eskatu dio Urkulluk Zapaterori

2006ko abenduaren 13a
17:19
Entzun
Prozesua krisian egotearen arduradun nagusia ETA dela nabarmendu du EAJko BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, baina "oztopo horien gainetik" presoak hurbiltzeko galdegin dio Espainiako Gobernuari.

Iñigo Urkullu BBBko presidentearen iduriko, hilabete asko dira prozesuaren inguruan krisi hotsak baino ez direla entzuten, baina hala eta guztiz ere, EAJk bakea lortzeko itxaropena izatean jarraitzen duela azpimarratu du: "euskal gizarteari eragiten dion arazo bat, baketzea, konpontzeko aukera paregabea izatearen itxaropenari eusten diogu", esan du.

Ildo horreatatik, krisi egoera horren errudun nagusia ETA dela iritzi dio, eta Nimesko (Frantzia) arma lapurreta zein kale erasoak prozesuak aurrera egin dezan oztopo handiak direla. Baina oztopo horien gainetik urrats ausartak emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "ETAren ekintzarik eza urrats ausartekin lagundu beharko luke [Espainiako Gobernuak]. Aukera paregabea daukagu arazo politiko baten konponbidean aurrera egiteko". Urrats ausart horien nondik norakoa zein litzatekeen zehaztu du, gainera, buruzagi jeltzaleak: presoak hurbiltzea. "Ez gara ari une honetan eskakizun berri bat egiten. Eskakizun hori ezin du ez Batasunak ez PSOEk ordain politikotzat hartu. Uste dugu beste era bateko espetxe politika batek ezker abertzalearen munduko tentsioak baretzen lagun dezakeela", erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.