ETAz zer pentsatzen duen "zalantza guztiak" argitzea galdegin dio Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ezker abertzaleari, ETAren agiriaren karietara. Urkulluk uste du ETAren oharra "gaurko eguneko errituala [Gudari Eguna]" dela, eta zera erantsi du: "Gainerako abertzaleek badakigu gudariak beste zeozer direla, ez ezker abertzalearen Gudari Eguna".
Urkulluk adierazi du ezker abertzaleak EH Bildu koalizioaren barruan eman nahi duen irudia ez datorrela bat ETAk urteetan zehar eman nahi izan duen irudiarekin; "ETAk agian ez du hori gustuko", gaineratu du. Ezker abertzalean "tentsioak" daudela iritzi dio Urkulluk, eta horregatik "zalantza guztiak" argitu behar dituela.