Latif Jatabi, berbere bilbotarra

«Etorkinak euskara ez du beharrezko ikusten»

Iñigo Bilbao - BILBO Latif Jatabi berberea da, 40 urte ditu eta Bilbon bizi da. 2002ko irailean heldu zen Euskal Herrira, eta urrian euskaltegian zen.

2005eko martxoaren 18a
15:22
Entzun
Etorri eta zuzenean euskaltegira?

Beti izan dut oso argi munduko edozein herritako errealitatea eta berezitasunak hizkuntzaren barruan gordetzen direla. Euskal Herrira etorri aurretik neukan hartuta euskara ikasteko erabakia.

Berbereen hizkuntzak eta euskara lorturik daudela diote. Atzeman duzu zuk lotura hori?

Tangerren (Maroko) bizi nintzela jakin nuen hipotesi horren berri, eta jakin nuen badirela antzeko gehiago. Egia da gure hizkuntza biak ahozko tradizioari oso lotuta egon direla duela gutxira arte. Hiztegia ezagutu dudanean ere antzekotasunak ikusi ditut, baina hizkuntza gehiagorekin ere hori gertatzen da. Oso interesgarria da esaldiaren sintaxia aztertzerakoan ikusten diren antzekotasunak. Uste izatea, dena den, ez da nahikoa. Lotura hori ez dago zientifikoki frogatuta.

Bilbon, hiri handia izanda, erraza egiten zaizu euskara ikastea?

Hemen, Bilbon, euskara edozein lekutan entzungo balitz, ikastea ezinbestekoa litzateke. Baina ia inon entzuten ez dudanez, askotan iruditzen zait luxua dela ikastea. Euskara, oraingoz, ordu biko gauza da nire bizitzan, euskaltegian ematen ditudan ordu biak. Hori ez da nahikoa.

Lagunek zelan hartu dute euskararen alde egin duzun apustua?

Bertoko askok isildu behar izaten dute eurek egin ez duten ahalegina berbere batek egiten duelako. Askok, bertokoek eta etorkinek, ez dute ulertzen, ez diote zentzurik ikusten. Batez ere eguneroko gauzetarako ez dutelako beharrezko ikusten.

Etorkinak aipatu dituzu. Uste duzu immigrante berriek euskara oztopo modura ikusten dutela?

Gauza ez da etorkinei euskara zaila iruditzea. Gauza da ez dutela ikusten euskal herritarrek eurek garrantzia ematen diotenik. Hona lan egitera datoz, ez ikastera. Eta ez zaie arrazoirik falta. Arazoa ez da beraiek ikasi nahi duten edo ez, baizik eta ugazabak ez diela eskatzen, edo Administrazioarekin jarduteko ez dutela behar. Katalunian besterik gertatzen da, han bizitzeko ikasi egin behar delako.

Etorkinari erraztasunik ematen zaio euskara ikasteko?

Ni neu zoratu nintzen dohainik non ikas zitekeen galdezka. Heldu berriei, behintzat, gaztelaniazko klaseak bakarrik ematen dizkiete. Euskara ikasteko laguntzak urtebete daramazunean ematen dizkizute, ez arinago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.