Etxeparek ekitaldi ugari antolatu ditu munduko zazpi hiritan

2015eko azaroaren 30a
15:01
Entzun

Hamazazpi herrialdetako 34 unibertsitatetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzetan euskara irakasten eta ikasten duten mundu osoko lagunei aitortza egin nahi die aurten Etxepare Euskal Institutuak, Aizpea Goenaga zuzendariak Donostian azaldu duenez.

Aurten ere Euskararen Eguna nazioartera eramango du Etxeparek:  bederatzi programa antolatu eta sustatu ditu, nazioarteko zazpi hiri ezberdinetan. Horietako batzuk Etxepareren unibertsitate sareko irakasleek atondutakoak dira: Mosku (Errusia), Birmingham (Erresuma Batua), Szeged (Hungaria) eta Poznan (Polonia) hirietan hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, lehiaketak eta zine emanaldiak izango dira, esaterako.

Guadalajaran (Mexiko) izango den FIL azokan eta Mexiko DF hirian euskal literatura sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu institutuak.  Montevideon (Uruguai), Euskal Zine Erakustaldia antolatu dute Cinemateca Uruguaya, Territorios y Fronteras, Zinebi eta Etxeparek: 8 film luze eta 8 labur emango dituzte, azken urteotako esanguratsuenak; erakusketa bat eta mahai-inguru bat ere antolatu dituzte.

Eta Montevideon bertan Euskararen Eguna ospatuko dute Nevada, Reno-ko Center for Basque Studies-ek eta bertako Euskal Erria Eusko Etxeak Institutuaren babesarekin antolatutako programan. Alor akademikoan, hitzaldiak eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte. Eta ekitaldi ofizialean Jose Múgica Uruguaiko Presidente ohia esku hartuko du, besteak beste. 

Gainera, Institutuak poloniar editoreak eta kazetariak ekarriko ditu egunotan Euskal Herrira, Donostia 2016 egitasmoa, hainbat kultur gune eta Durangoko Azoka ezagutu ditzaten. Eta bereziki euskal idazle eta editoreekin harremanetan jar daitezen; horretarako, hainbat topaketa eta jarduera antolatu ditu Etxeparek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.