Etxerat-i Jaurlaritzak emandako diru-laguntzaren aurka helegitea jarri du Urkijok

2015eko otsailaren 24a
19:32
Entzun

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok estatuko abokatuari eskatu dio helegitea jar dezala Eusko Jaurlaritzak Etxerat presoen senideen elkarteari emandako diru-laguntzaren aurka.

Urkijok azaldu duenez, presoen hezkuntza eskubidea bermatzeko diru-laguntzaren kontra aurkeztuko du helegitea. Eskubide hori bermatzea Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari dagokiola nabarmendu du Urkijok. Horrez gain, bi arrazoi aipatu ditu diru-laguntzen kontra jotzeko: hezkuntza ez dagoela Etxerat-ek bere estatutuetan zehaztutako helburuen artean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gauzatu beharko liratekeela laguntzak, gogoraraziz ia preso guztiak euskal espetxeetatik kanpo daudela.

"Diskurtso bikoitza" izatea eta "ETAren inguruko munduaren eta terrorismoaren biktimen arteko distantziakidetasuna" izatea egotzi dio Jaurlaritzari: "Esku batekin, Jaurlaritzak diskurtso abegikorra idazten du biktimekiko, eta bestearekin, terroristak preso politikotzat jotzen dituztenak diruz laguntzen ditu".

"Kontraesanetan" erortzea leporatu dio, halaber: "Ez du balio telebistaren aurrean atsekabetuta agertzea, ondorengo erabakiek, ikusi dugunez, ez badute zer ikusirik publikoki esandakoarekin. Jaurlaritzaren erakuslehio diskurtso horrek ere min egiten die terrorismoaren biktimei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.