Europako Legebiltzarreko 15 diputatuk “bake prozesua inoiz baino beharrezkoagoa” dela aldarrikatu dute

2007ko ekainaren 15a
15:50
Entzun
Europako Legebiltzarreko hamabost diputatuk Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko idatzia plazaratu dute. ETAk su-etena hautsi izana kritikatu dute sinatzaileek baina, euren ustez, “horrek ez du esan nahi bake prozesua eten egin behar denik”. ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa galdegin dute eta Euskal Herriko alderdi politiko ororen artekoa ere bai, “bake prozesua indartzeko eta Euskal Herriko etorkizun politikoari buruzko adostasuna lortzeko. Bake prozesua inoiz baino beharrezkoagoa da”.

Su-etenak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak ETArekin negoziazioak hasteko hartutako erabakiak "itxaropena" sortu zutela gogoratu dute. “Bi erabaki horiek bake prozesua posible zela sinestarazi ziguten, gatazka politikoaren sustraiak konponduko zituen bake prozesua, eta Euskal Herriari bere kabuz eta askatasunez etorkizuna erabakitzeko eskubidea emango ziona”.

Lasaitasunerako deia luzatu dute

“Garrantzitsua da alderdi guztiek epe motzean lasaitasuna berreskuratzea”. Hala, Iñaki de Juana presoa berriz ere espetxera bidaltzea eta Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramailearen kartzelatzea salatu dituzte. “Espainiako Gobernuaren erabaki horiek gatazkan murgilduta dauden aldeen artean konfiantza eratzea zailtzen dute”.

Ondorio gisa ETAri eta Espainiako Gobernuari eskatzen diete “bake prozesuaren iraupena mantentzeko beharrezko urratsak" egin ditzatela eta gainontzeko alderdiei “gatazka konpontzeko bidean ahaleginak bikoizteko”.

Europako Legebiltzarreko hamabost diputatu horien hitzetan, “nazioarteko komunitateak oso zeregin garrantzitsua bete dezake bake prozesua babesteko, batez ere orain krisi egoera latzean dagoenean”. Hala, Europako Batasuneko erakundeei pausoak emateko eskatu diete, “Euskal Herrian bakea eraikitzea Europako Batasunean bakea eraikitzea delako”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.