Europaren atzeko bagoian

2014ko martxoaren 21a
16:00
Entzun

Europan hondakinen kudeaketa iraunkorrena egiten duten herrialdeetatik urruti dago oraindik ere Euskal Herria. Europako Ingurumen Agentziak (EIA) egindako txosten baten arabera, Europako 32 herrialde kontuan hartuta, batez beste Austria da hondakin gehien birziklatzen dituen herrialdea, %60tik gora. Segidan, oso gertu, dauka Alemania. Eta %60ko langatik behera Belgika, baina oso gertu.

2001etik 2010era arteko datuak bildu zituen ingurumen agentziak txosten horretan, eta garbi utzi zuen Europa iparraldeko herrialdeen eta hegoaldeko herrialdeen arteko alde handia. Eta Euskal Herria hegoaldeko herrialdeetatik gertuago legoke iparraldekoetatik baino. Izan ere, 2010eko datuei erreparatuta, hondakinen %33 inguru birziklatu zuen Euskal Herriak, Frantziako eta Espainiako datu orokorretatik oso gertu. Hortik behera daude, batez beste, Grezia, Portugal eta oro har Europako ekialdeko herrialde guztiak.

Horretan bada kontuan hartu beharreko zerbait. Hondakin zati organikoa bereiztuta jasotzen den edo ez, alegia. Eta hor dago benetako aldea. Izan ere, zenbait herrialdek politikak martxan dituzte aspalditik organikoa bereizita jasotzeko. Euskal Herria berriki hasi da aurrerapenak egiten horretan. Esate baterako, 2012an birziklatutako hondakinen %8 inguru zen jatorri organikokoa Euskal Herrian. Austrian, Herbeheretan, Belgikan eta Luxenburgon, esate baterako, %25etik gorakoa zen portzentaje hori.

Birziklatze tasa, gora

Birziklatze tasak asko handitu dira Europa osoan 1990etik. Eta horren ondorioz, asko murriztu da hondakinen kudeaketa kaxkarraren ondorioz sortutako gas kutsagarrien isurketa. EIAk egindako txostenaren arabera, 75 milioi tona C02 isuri zituzten Europako 32 herrialdeek 1990ean eta 35 milioi inguru 2010ean. Denbora horretan hirukoiztu egin da birziklatutako hondakinen kopurua.

Herritar bakoitzak sortutako hondakin kopuruari dagokionez, zabor gehien sortzen duten herrialdeak Zipre, Suitza, Luxenburgo, Danimarka, Irlanda eta Erbehereak dira. Euskal Herriak 500 kilo baino gutxiago sortzen ditu urtero, herritar bakoitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.