Urteotan osatutako Euskal Curriculumaren zati guztiak aurkeztuko dituzte gaur Donostian. Tartean, azkena: Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculum espezifikoa: oinarrizkoa eta komuna. Alegia, Euskal Herriko ikasleek euskal kulturari buruz jakin beharrekoak zeintzuk diren, Euskal Curriculumaren arima edo mamia. Hona hemen bertako zenbait erreferentzia:
TBM-KRONO-URTEK:EUSKARA ETA LITERATURA
Sarrera: «Euskara gure kultur ondarearen oinarrizko sortzaile eta adierazletzat hartzen dugu eta, beraz, Euskal Curriculum espezifikoaren ardatz nagusia euskara dela esango genuke».
Gaitasun orokorrak: Hizkuntzen arloko B2 mailako helburuak ezarri ditu, bai hitz egiteko edo idazteko orduan eta baita testuak sortzeko orduan ere. Hau da: alde batetik, testuak «eraginkortasunez eta era kritikoan» ulertzea; bestetik, ahozko testuak, testu idatziak eta sortutakoak helburu pertsonaletarako, sozialetarako edo akademikoetarako erabiltzen jakitea.
Lanketa: Euskal literaturari dagokion atalean aintzat hartzen ditu, besteak beste, Euskal Herrian egindako erdarazko literatura eta bertsolaritza.
TBM-KRONO-URTEK:TEKNOLOGIA
Sarrera: «Teknologia pertsonen eta gizataldeen kulturen osagaietako bat da. Teknologiak, ondorioz, teknikak eta ezagutza zientifikoak integratzeaz gainera, balio kulturalak eta gizarte egitura edo antolakuntzak ere kontuan hartzen ditu».
Lanketa: Proposatutako gaien artean daude eraikin zaharren eta berrien arteko gaitasuna, egurrezko ontzigintza tradizionala, Euskal Herrian dauden energia sortzeko bide ezberdinak, etorkizunerako energia eredua, esku-lanbide tradizionalen ikerketa...
TBM-KRONO-URTEK:MUSIKA ETA DANTZA
Sarrera: «Gure asmoa da kantak -alderdi bokal eta instrumentalean- eta dantzak ikaskuntzaren funtsezko atalak izaten jarraitzea».
Gaitasun orokorrak: Atal honetako sei gaitasun orokorren barruan dago «dantzaren, ahotsaren eta musika tresnen bitartez komunikatzen ikastea, sormenezko pentsaera garatzeko eta komunikazio gaitasunak eskuratzeko».
Gaitasun espezifikoak: Besteak beste, Euskal Herriko herri kantak «era egokian» abestea (ehun kantako zerrenda proposatzen du), obra batzuk ezagutzea edo jotzea eta Euskal Herriko dantzak ezagutzea eta dantzatzea.
TBM-KRONO-URTEK:PLASTIKA ETA IKUS ADIERAZPENA
Antolaketa: Lau atal ditu: Euskal Herriko artearen adierazpen eta egile nagusiak, zinea Euskal Herrian, eskulangintza eta museoak eta erakusketak.
Gaitasun orokorrak: «Oinarrizko esku trebetasunak bereganatu beharko dituzte, teknika plastikoak erabiltzeko, eta buruan dituzten irudiak lan plastiko bihurtzeko behar den trebetasuna lortzeko».
Euskal Curriculumak atal bat eskaintzen dio, halaber, eskulangintzari.
TBM-KRONO-URTEK:GORPUTZ HEZKUNTZA
Sarrera: Jokoa eta jolasa dira Euskal Curriculumaren arlo honen ardatzak. «Euskal kirol aisia bitan banatuta agertzen zaigu, batetik, jokoaren irabazteko gozamena eta, bestetik, elkarrekin ondo pasatzeko jolasaren plazera. Bi ikuskera horiek, bi sozializazioaren bideak dira gure kulturaren eta gizartearen bi alboak, ikasleek biak bereganatu beharrezko dituztenak».
Gaitasun orokorrak: Besteak beste, «osasuna bere osotasunean ulertzea eta lantzea, eta osotasun horrek dituen ezaugarriak ezagutzea (fisiologikoak, biologikoak, bioenergetikoak, emozionalak, higienikoak, dietetikoak eta abarrekoak), bizitza orekatua izateko».
Gaitasun espezifikoak: Euskal jolasak eta jokoak dira gorputz hezkuntzako gaitasunak lantzeko ardatza. Horiek ezagutzeaz gain, beren gizarte eta kultur esanahiaz jabetzeko premia aipatzen du. Baita jolas eta joko horietako batzuekin zaletzea eta horietako batzuk ikastea ere.
TBM-KRONO-URTEK:GIZARTE ZIENTZIAK
Sarrera: Atal honek hainbat helburu ditu: ikasleek beren burua hobeto ulertzen laguntzea; taldeak (familia, eskola, bizilagunak, udalerria, nazioa...) hobeto ezagutzen laguntzea; eta euskal gizartearen bilakaera historikoa eta bere gizarte osagaiak aztertzea.
Gaitasunak: Landu beharreko gaien artean daude Euskal Herriko inguru fisikoa, mugimendu demografikoak, bertako gizateriaren sorrera, erlijioa, historiako gatazka soziopolitikoak eta kulturalak, legedi eta erakunde propioak, ekonomia eta XXI. mendeko Euskal Herria.
TBM-KRONO-URTEK:NATUR ETA OSASUN ZIENTZIAK
Sarrera: «Derrigorrezko irakaskuntzan ikasleei oinarrizko prestakuntza zientifikoa ematea du helburu arlo honek».
Aipagarria da alfabetatze zientifiko horretan lorpen praktikoei ematen zaien garrantzia: «Ikasleek eguneroko bizitzan erabili behar dituzte ezagutza zientifikoa eta ezagutza teknologikoa. Ikasleek zientzia egiten ikasi behar dute, arazoak konponduz eta ikerketa txikiak garatuz».
Gaitasunak: Atal honetan landuko lirateke zientzien oinarrizko kontzeptuak, Euskal Herriko elikadura, higiene eta osasun ohiturak, eta ingurumena eta garapen iraunkorra.
Euskal Curriculum espezifikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu