1. Euskal Herria munduan aitortua izateko eta bere biziraupena bermatzeko ezinbestekoa delako. Geure buruaren jabe izateko aukera bakarra delako.
2. Euskal demokrazia parte hartzailea, zuzena, hurbila eta herritarra nahi dugulako, euskal herritarren eskakizunak, nahiak eta beharrak bere barne hartzen dituena.
3. Hobeto bizi nahi dugulako. Geure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko burujabetza osoa behar dugulako: industria eta sektore publikoen garapenean zein lehen sektorean; lurralde kohesioan, jasangarritasunean zein elikadura arloan; osasun sisteman, finantza sektorean zein politika fiskalean...
4. Justizia sozialean, berdintasunean eta eskubide sozialetan oinarritutako jendarte solidarioa eraiki nahi dugulako: lanpostu, etxebizitza eta bizimodu duinerako eskubidea erreala; zerbitzu publiko sendoak eta unibertsalak; babes sozialerako sistema indartsua; pentsio duinak; aberastasunaren banaketa justua...; hau da, pobrerik gabeko Euskal Herria nahi dugulako.
5. Herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna nahi dugulako. Herritar guztiei inolako menpekotasunik gabe euskaraz bizitzeko aukera eskaini behar zaielako. Munduaren aurrean euskaldun gisa agertu nahi dugulako eta euskal kulturak munduan bere tokia izan behar duelako.
6. Geure hezkuntza sistema, Euskal Herriaren beharren arabera, askatasun osoz garatu nahi dugulako, oinarrizko hezkuntzatik goren mailako ikerketa esparruetaraino.
7. Gazteriari eta ondoreneko belaunaldiei Euskal Herrian bertan zoriontsu bizitzeko etorkizun bat eskaini nahi diegulako.
8. Egungo eredu patriarkaleren injustizia gainditu, eta emakume eta gizonen arteko benetako parekidetasuna nahi dugulako.
9. Ustelkeria, genero indarkeria, diskriminazioa, esklusio soziala, arrazakeria eta abar luzea behin betiko desagertu, eta jendarte berri bat eraiki nahi dugulako.
10. Dibertsitatean onarrituta, bakoitzaren jatorri eta sentimendu identitarioen gainetik eta familia politiko zehatzetatik harago, guztiontzako eta guztion artean, etorkizuneko proiektu erakargarria eta ilusioz betea gauzatu nahi dugulako.
11. Herritar libre eta zoriontsuen herri librea nahi dugulako.