Euskal Herria ezagutu eta Eskozia birsortu

2010eko urriaren 11
11:34
Entzun
A. Oiartzabal



Herri kirolak izan dira Eskoziako Highlands eta Gipuzkoako Goierri eskualdeak harremanetan jartzeko aitzakia edo tresna nagusia. Nazioen Mundua Idiazabalgo herri kirol taldetik eratorritako ekimena izan da Euskal Herritik harreman hori hasi duen eragilea, eta Gerry Reynolds Inverness Highlands Gameseko antolatzaileak bideratu du Eskoziatik harreman hori.

Invernessko (Highlandseko hiriburua) ekitaldi nagusiak antolatzeko ardura du Reynoldsek, eta bere ofizioa dela-eta eduki zuen lehen harremana euskal herritarrekin 2008an, Eskozian egin ziren herri kiroletako erakustaldien harira. “Bisita amaitu eta gero Euskal Herrira joan eta hura ezagutu behar nuela erabaki nuen. Lotsa ematen dit, baina aitortu behar dut bisitaren aurretik ezer gutxi nekiela Euskal Herriaz”.

Asteburuan egingo duten bisitan izango dute Reynoldsek eta Eskoziatik etorriko diren beste ordezkariek aukera Euskal Herriko gizartea eta kultura hobeto ezagutzeko. Izan ere, Ordiziako jaialdian parte hartzearekin batera, ostiralean harrera ofiziala egingo diete Gipuzkoako Diputazioan, eta igandean, berriz, Nafarroa Oinez festan hartuko dute parte. “Kultura aldetik eta hizkuntzari dagokionez, gauza askok batzen gaituzte; biak ala biak ari gara borrokan”, dio Reynoldsek.

Politikan ere ikusten du antzekotasunik bi herrien artean: “Bietan dago independente izanez gero etorkizun hobea izango lukeela uste duen jendea. Eta, alderantziz, gauzak dauden horretan utzi nahi dituen jendea ere badago”. Baina erreferendumean gehiengoz hala erabakiz gero Euskal Herriko autodeterminazioaren alde legokeela azaldu du. Alde horretatik, Nazioen Mundua ekimenaren zintzotasuna eskertu du beren helburua zein den argi eta garbi esateagatik.

Eskozian behin baino gehiagotan izan diren euskal herritarrak ezagututa, beste antzekotasunik ere sumatu du Reynoldesek bi herrien artean: “Bizitza guk bezain beste maite duen jendea dagoela Euskal Herrian”.

Euskal ‘Tartan’-a

Duela bi urte eskas hasi arren euskal herritarrekin lankidetzan, lotura estua dute Highlandseko hainbat eskoziarrek euskal kultura eta kirolarekin. Hala,ikurrinaren koloreak eta itxura aintzat hartuta diseinatu dute Highland Games munduko txapelketako tartan ofiziala. Inverness Basque Tartan izenarekin bataiatu dute -tartan-a Eskozian klanak elkarren artean bereizteko erabiltzen duten oihalarekin eginiko gona tradizionala da-.

Iaztik dauka Inverness Highland Games herri kirol lehiaketak tartan hori, baina joko hauek ez dira berriak: 1822an hasi ziren jokatzen. “Munduko lehiaketa zaharrenetakoa da”, zehaztu du Reynoldsek. Ordizian, halako lehiaketetan aritzen diren Eskoziako herri kirolaririk onenetakoak izango direla gaineratu du; besteak beste, Kyle Randall kirolari gaztea. Horretaz gainera, Australia eta Japoniako kirolarien parte-hartzea nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.