Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren agiria

2013ko azaroaren 2a
15:12
Entzun

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) agiri honen bidez bere babes irmo eta goxoa helarazi nahi dio Jokin Aranalde kolektiboko mintzaideari, halaber, baita bere balizko kanporatze eta kartzelaratzearen aitzinean hartu duen jarrera intsumituari ere.

Jokinekin gaude, bat egiten dugu berak hartu duen erabakiarekin, eta ondoan izanen gaitu, are, gu ere Jokin gara, lehen euskal iheslari politikotik azkenerainoko bide luze horretan. Lege eta epaile arrotzak ez dira nor gu epaitu eta zigortzeko, gure epaile bakarra gure herria da. Horregatik egiten diogu dei herriari, eta baita laguntza eskatzen, Jokinen eta euskal iheslarion defentsan.

Urte honetako ekainaren 15ean Biarritzen euskal iheslari politikoen gaia manera orokor eta ordenatuan konpontzeko proposamena luzatu genuen, han marraztutako bideari eusten diogu oraino, eta jakin badakigu proposamen hura aitzina eramateko beharrezkoak direla askotarikoen arteko akordio politikoak.
Bide honetan, gure jarrera berretsi nahi dugu, eta puntu labur horiek oroitarazi:

Tortura bidezko deklarazioetan oinarritutako prozedura judizialak, eta ondorioz, hauetatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera uztea eskatzen dugu. Nazioarte mailan, Estatu espainolean euskal auziarekin loturiko atxiloketetan tortura erabiltzen dela onartua dagoela azpimarratu nahi dugu gainera.

Legedi arruntean oinarritutako arauetan jada artxibatuta eta amaituta egon beharko luketen prozedura judizialak bertan behera uztea eskatzen dugu.
Iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak eta, ondorioz, hauetatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera uztea eskatzen dugu.

Munduko herrialde ezberdinetan deportatuta eta konfinatuta dauden euskal herritarren mugimendu askatasuna bermatzea eskatzen dugu, egoera horiei amaiera emateko.

Bestetik, ez gara beso gurutzaturik gertaeren beha egonen, eta Jokin Aranalderen auziaren inguruan nahiz konponbiderako proposamena garatzeko, aitzina segituko dugula adierazi nahi dugu, honela, epe laburrean, harremanak estutzeko eta sendotzeko bidean bira bati hasiera emanen diogu. Ahalik eta eragile politiko eta sozial gehienekin biltzeko xedea da gurea.

Euskal Herrian ireki den konponbide prozesuak guztion beharra du, guk gure aldetik gure konpromisoa sendo eta argia eskaintzen diogu, eta aldi berean herriaren beharra du, guk daukagun bezala, herria da gure berme, gure babes, herria da gure arnas.


Euskal Herrian
2013ko azaroaren 2an
   
EUSKAL IHESLARI POLITIKOEN KOLEKTIBOA  (EIPK)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.