Henry Valemilla, sukaldaria

«Euskara da Euskal Herrian bizitzeko gakoa»

Aitor Renteria Henry Vallemilla Venezuelan sortu zen, 1979an. Duela bost urte inguru etorri zen Euskal Herrira, nahiz eta euskararekiko lehen harremanak Caracasko Euskal Etxean izan zituen.

2005eko martxoaren 21a
17:12
Entzun
Nolakoak izan ziren euskararekiko lehen harremanak?

Hastapenean ez nuen denbora handirik. Txirrindularia nintzen eta horrek ez zidan denbora askorik uzten euskara ikasi eta euskaraz aritzeko. Hastapenean urtebeteko egonaldia egin nuen Euskal Herrian. Izan ere, Orioko Txirrindulari Eskola fundazioarekin ari nintzen, amets bat niretzat.

Zergatik hasi zinen euskara ikasten?

Lehen unetik argi ikusi nuen Euskal Herrian nintzela, eta Japonian japoniera ikastea normala ikusiko nukeen bezala, euskara ikasteari ekin nion.

Nolakoa izan zen prozesu hori?

Euskal Herrian urtebeteko egonaldia egin ostean, Venezuelara itzuli nintzen. Hona etortzean ekin nion serioski euskarari, duela hiru urte. Lehen urtean inpresio bitxia izan nuen, iruditzen zitzaidan jende gutxik baliatzen zuela. Orain, beharbada ikasi dudalako, ohartzen naiz jende gehiagok baliatzen duela eta pozgarria da.

Zerk bultzatu zaitu urrats horretan?

Euskara polita da, maite dut. Gainera, lilura berezia sortzen dit jakiteak nolako borroka egon den hizkuntza hori mantentzeko eta gaur egun dagoen tokira eramateko. Harrotasun puntu bat ere ematen dit.

Zein izan dira atzeman dituzun zailtasun handienak?

Topikoa badirudi ere, nor-nori nork; aditzen paradigma izan da nire lokamutsa. Baina balio du zailtasunari aurre egin eta aurrera jotzea. Ate asko ireki dizkit. Batetik, euskara ikastean euskal kultura eta historia ere ezagutu ditut. Mundu bat.

Aholkurik emango zenioke jendeari euskara ikas dezan?

Atzerritar bezala esango nieke kanpotarrei euskara ikasi beharko genukeela. Herri batean barneratzeko, integratzeko bidea da hizkuntza eta, dudarik gabe, Euskal Herrian bizitzeko gakoa euskara da. Berriz diot, hizkuntzarekin batera herriaren kulturaz eta bizimoduaz ere jabetzen garelako. Bistan dena, zaila da baina balio du eta posible da ikastea. Zer ezagutu nahi den garrantzitsua da. Adibidez, nik Espainia gutxi ezagutzen dut, Barajas (Madril) aireportuko inguruak ozta-ozta, hegazkinak han utzi ninduelako. Baina Euskal Herrian, egun bat libre dudalarik herriak ezagutzeko baliatzen dut. Horrela Euskal Herria ezagutzen ari naiz eta euskarak garrantzi handia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.