Euskara ezin dela babes gabe utzi azpimarratu du Agirrek

2004ko ekainaren 4a
19:24
Entzun
Euskalgintzaren azken urteetako ibilbidearen errepasoa egin du Lorea Agirre kazetariak, 'Egunkaria'-ko langile ohiak, MIDASen jardunaldien baitan.

Euskarak hiztun kopuruan atzera egin duela esan du, baina irauteko joera izan duela, "pronostiko guziten kontra". Euskara "herriaren hizkuntza" dela azpimarratu du, eta iraun egin duela, nola edo hala.

Unescoren Hizkuntzen Atlasak (2001) euskara desagertzear zegoela esan duela gogorarazi du, eta Jaurlaritzak ere zabaldu dituela antzeko mezuak. Urteek aurrera egin ahala hizkuntzak atzera egin duela dio,martxa onetan, euskara "desagertzera kondenatua" dagoela iritzi dio. Zaila dela, behintzat aurrera egitea, "erlojuaren kontra gabiltzalako".

Euskarazko kazetaritzara salto egin du gero, Joxe Azurmendiren hitz batzuk gogora ekarriz. Euskal komunikabide batean lan eginez gero "nolatan sartu zara politika" eta gisako galderak erantzun behar izaten direla azaldu du, "euskara den oro baita politika" gehitu du, ironiaz. Eusaklduna izateak merezi duela erakutsi egin behar dela esanez jarraitu du, "beste inon ez bezala".

Euskara kontsentsuatu gabeko afera dela salatu du, eta badela hizkuntza politiken beharra zalantzan jartzen duenik ere. Horren ondorio da Agirreren ustez, euskarak gizartean integrazio mailarik ez lortzea. Beraz, euskara gabe bizitza posible dela azpimarratu du, eta zaila dela euskaraz bizi normalizatua egitea.Bere ustez, euskaldun izatearen ideia oso barneratua izan behar da, telegramak jartzerakoan edo argibide bat eskatzerakoan borroka txikietan sartu behar baduzu. "Are gogorragoa da, baina, jabetzea euskaldunekiko lege urraketak kontu normaltzat hartzen ditugula".

Euskararen biziraupenerako transizioa beharrezkoa izan dela azpimarratu du, eta batzuk lan hori oso ondo egin badute ere badela huts egin duenik ere gogorarazi du.Garai latzetan, eskola klandestinoetan laneanjardun zutenekin oraitu zen, eta "haiek gabe gu ez geundeke hemen" azpimarratu du.

1936ko Espainiako Gerraren ondorengo euskalgintzaren ernamuina izan ziren ikastolak sortu zirela, "euskara bizi arazteko beharrekoa baita etxeko sukaldeetatik ateratzea". Ikastolen sorreran egindako lana goraipatu ondoren, orain, administrazio bakoitzaren eraberako egoeran daudela ikastolak salatu du.

Euskara batuaren sorrera 1969an oso garrantzitsua izan zela esan du Agirrek.

Euskararen beste zutoin bat helduen euskalduntzea izan dela iritzi dio,eta AEKren lana azpimarratu du. Gainera, euskalduntzean egin den lan handia ere euskararen bizian oso garrantzitsua dela dio.

Euskal komunikabideen arloari ekin dio gero Agirrek, eta Argiak egin zuen euskararen aldeko apostua azpimarratu du.Jakin ere haipatu du, "pentsamendua sortu eta zabaltzen" lan eskerga egin duelako. Herri aldizkariek ere euskararen alde egineko apustua haipagarria dela esan du.Telebistei eta irratiei egin die erreferentzia gero.

'Egunkaria'-ren sortzea "euskalgintzaren barruan fenomeno eraginkor eta garrantzitsuena" izan zela esan du, eta ez dutela lortu geldiaraztea.

Euskarak beste zutarri batzuek ere badituela esan du, argitaletxeak kasu.

Euskarak aurrera egin duen arren, normaltasuna urrun dagoela azpimarratu du. Horretarakoxe sortu zela Kontseilua esan du: "euskalgintzako erakundeen artean kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea, batetik, eta gizarte eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntz normalizazio proiektuetan inplikaraztea, bestetik".Herri ekimenen eta administrazioaren arteko elkarlana gatazkatsua dela esan du, ordea, eta elkarlan hori beharrezkoa dela aurrera egingo bada.

Kezkagarria iritzi dio orde, Agirrek, euskararen ezaguzak gora egin arren erabilerak behera egiteari. Erabilera hizkuntza bizitzeko beharrezkoa dela esan ondoren, "erabilera gerta dadin ekosistemak sortu beharko dira" azpimarratu du.

Inoiz baino hobeto gaule iritzi badio ere, hizkuntza arriskuan dagoela. Hiztunek nahi badute hizkuntzak iraungo duela esan du, baina, ezin dela babesik gabe utzi.

"Gurea arazo linguistikoa, politikoa, demokratikoa edota demokrazia ezarena da, baina baita arazo existentzial bat ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.