Maria Ulloa, langilea

«Euskara ikasi dudalako oso harro nago»

Edurne Elizondo / IRUÑEA Korrika 14 Iruñerrian egon da asteburuan. Maria Ulloa Burlatako AEK-ko euskaltegian ari da euskara ikasten. Atzo, bestak utzitako arrastoak jasotzen harrapatu genuen. «Oso harro» dago euskara ikasteko gai izan delako.

2005eko martxoaren 15a
12:05
Entzun
Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Duela sei urte. Burlatako euskaltegian hasi nintzen, AEKrekin. Lau urtez aritu nintzen, baina Arrotxapeko euskaltegira joan behar izan nuen ondoren, Burlatan talderik ez zelako sortu. Burlatara itzuli nintzen gero. Orain zortzigarren urratsa egiten ari naiz. Azken txanpan nago.

Eta zergatik erabaki zenuen euskaltegira joatea? Zergatik ikasi nahi zenuen euskara?

Amorrua sentitzen dut Iruñean ingelesa edo frantsesa gehiago ikasten direlako euskara baino. Hori gogorra da. Hemen gaude, euskara hemen sortu zen, eta bertako hizkuntza baino hobeki hitz egiten du jendeak beste hainbat hizkuntza. Arrotxapean ingelesez ikasteko eredua jarri dute. Besterik ez genuen falta. Oso gogorra eta larria da hori.

Txikitan ezin izan zenuen ikasi?

Ez. Nire gurasoak ez dira hemengoak. Ez zekiten euskara bertako hizkuntza zenik. Mojen eskolara eraman ninduten. AEKri esker, gaur egun euskaraz hitz egiteko prest nago.

Eta etxean zer diote horri buruz?

Animoak eman dizkidate beti. Nire erabakiaren alde egin dute beti.

Familiak ez daki euskaraz; inguruan euskaraz aritzeko beste aukerarik baduzu?

Zaila da. Lagunek ez dakite euskaraz. Egiten dudana da iazko irakaslearekin elkartu, astean behin, beste hainbat ikaskiderekin batera. Hitz egin ahal izateko egiten dugu bat. Euskaltegian, halaber, aukera dut euskaraz aritzeko.

Egunero joaten zara?

Astelehenetik ostegunera, egunero bi ordu eta erdiz. Beno, noizbehinka piper egiten dugu. Behar dugu.

Zaila da euskara?

Niretzat bai. Hasieran, batez ere. Bakarrik nengoen, ez nuen lagunik edo senitartekorik laguntzeko. Baina orain ikasitakoaz harro nago. Oso harro. AEK-ko euskaltegian ikastea, niretzat, pribilegioa da. Metodologia oso gustukoa dut. Irakasle txarrik ez dago, gainera, euskaltegian. Eta hori oso garrantzitsua da ikasteko. Giroa oso ona da.

Egoera, ordea, ez da oso ona Nafarroako euskaltegietan. Nafarroako Gobernuak nabarmen murriztu du aurten AEKri eta IKAri ematen ohi dien diru laguntza. Sumatzen da?

Ez dakit hurrengo urtean zer gertatuko den. Nik taldeko kideekin bat egiten jarraitu nahi dut, eta ez dakit Gobernuaren jarrerak horretarako aukera emanen ote digun. Penagarria da. Gobernuarentzat euskaraz dakiena ETAko kidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.