SOSLAIA

Euskara, kultura eta mendia

2005eko maiatzaren 30a
11:17
Entzun
Juan San Martinen soslai hau Imanol Murua Uria kazetariak argitaratu zuen Jakin aldizkarian (108. zenbakia, 1998ko irail-urria):

Juan San Martin 1922ko ekainaren 23an jaio zen, San Joan bezperan, Eibarko Elgeta kalean. Han egin zituen bizitzako lehenengo 14 urteak, 1936an gerra piztu zen arte hain zuzen. Aita eskupegina, jatorri eta joera liberal ezkertiarrekoa, Valentziara joan zen Errepublikaren alde armagintzan aritzera; ama eta lau anai-arrebak Arratian, Bilbon, Santanderren eta Gijonen ihesi ibili ondoren, Bordelerantz itsasoz zihoazela ontzia frankistek harrapatu eta El Ferrolera eraman zituzten, eta handik atzera Eibarrera.

Etxea suntsituta aurkitu zuten baina, eta osaba baten etxean, esku hutsik, ekin zioten bizimodu berriari. Kolpetik amaitu zitzaion haurtzaroa Juan San Martini.

Tornero hasi zen lanean, egunez, eta gauez joaten zen eskolara. Soldadutzara joan beharra ere heldu zen eta han, Madrilen aurrena etaBurgosen gero, euskaldunen kontrako irainak eta mespretxuak bizi izanaren erreakzio gisa, euskaltzaletasuna piztu zitzaion. Euskaraz bere kasa alfabetatzeari ekin zion.

Irakurle borrokatua zen ordurako, eta mendizale amorratua. Lehenengo idazlanak, hain zuzen, mendiari buruz idatzi zituen: Eibarko Kirol Elkartearen buletinean eta Pirenayca aldizkarian, gazteleraz hasieran, euskaraz ere bai gerora.

Imanol Berriatua-ren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa izan ziren kultur gaiei buruzko bere lehen artikuluen plaza 1950eko hamarkadaren hasieran, eta Euskal Herrian izan diren aldizkari gehienetan argitaratu du Juan San Martinek geroztik, gaur arte. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra.

Artikuluak ezezik, poemak ere plazaratu zituen, batik bat, Euzko Gogoa-n eta Santi Onaindiak zuzentzen zuen Olerti aldizkarian. Poesia lanetarako erabili zuen goitizena, Otsalar, erreferentzia garrantzitsua izan zen 1960ko hamarkadako euskal poesigintzan. Aurten bertan argitaratu ditu orduko poema gehienak Giro Gori liburuan.

Aspaldikoa du, dena den, bere lehen liburua: Juan Antonio Mogeli bizitzari eta obrari buruzko liburuxka kaleratu zuen 1959an, eta haren ondotik etorri ziren hurrengo urtetan beste hainbat: umorea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza... askotariko alorrak landu ditu Juan San Martinek bere liburu ugarietan.

Eta gehiago ere argitaratuko zituen, Euskaltzaindian egin duen lanak hainbeste denbora kendu ez balio. 1957an izendatu zuten urgazle, 1964ean euskaltzain oso eta 1967tik 1978ra Akademiako idazkari izan zen. 1968an Arantzazuko Batzarrean Koldo Mitxelenak euskara baturako proposatu zuen bidearen defendatzaile sutsu izan zen, eta jarrera horrek h-aren inguruko eztabaida mingotsetan protagonismo handia izatera eraman zuen.

Euskaltzainburuorde ere hautatu zuten 1988an, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. 1994tik 1995era Europar Ombudsman Erakundeko buru izan zen. Urte horretan utzi zion Ararteko izateari ere.

Hondarribian bizi da orain eta bertako Elizari buruzko azterketa da bere azken lana, liburu batean argitaratzeko bidean dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.