'Berria' argitaratzen duen EKT enpresa Euskal Herriko zenbait eskualdetako komunikabideekin eta gizarte eragileekin aurrera eramaten ari den 'Hitza' proiektuen berri eman du Joan Mari Larrarte EKTko idazkariak MIDASen jardunaldien baitan.
Gipuzkoan Oarsoaldean, Urola-Kostan, Tolosaldean eta Bizkaian Lea-Artibain eta Mutrikun (Mutriku Gipuzkoa da)daude oraingoz 'Hitza' proiektuak, hau da, eskualdeko euskarazko egunkariak. Funtsean, eskualdeko informazioa jasotzen duten zortzi orriko berripaperak dira 'Hitza'-k, eta astelehenetik larunbatera banatzen dira.
Larrartek azaldu duenez, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea da 'Hitza' horien xedea. Izan ere, euskararen arazoetako bat horixe dela agertu du Larrartek: orain arteko esperientziak kontuan hartuta, euskal hiztunen %10 baino ez dela euskarazko komunikabideak kontsumitzen dituena, eta ohitura faltari egotzi dio gabezia hori.
Ildo horretatik, eskualdeetako 'Hitza' egunkarien bidez euskaldun kopuru zabalago batengana heltzea dela xedea azpimarratu du, eta piskanaka, euskarazko komunikabideenganako joera errotzen joatea. Horretarako, lehen epe batean doan banatzne dira 'Hitzak', hala euskaldun horiek euskarazko egunkari bat etxean jasotzeko premia sentitzen duten arte, eta, ondorioz, euskarazko produktu horren truke ordaintzeko prest izaten diren arte.
Euskaraz irakurtzeko edo euskarazko komunikabideak kontsumitzeko joera duen jende kopurua handituta, euskal prentsaren beste erronkari heltzeko bidea errazten dela adierazi du Larrartek: hain zuzen ere, kioskoetako euskarazko produktuen eskaintza handitzekoa. Izan ere, egungo eskaintza mugatua, hein handi batean, euskaraz kontsumitzeko prest dauden euskaldunen kopurua txikia delako gertatzen dela iritzi dio EKTko idazkariak.
Larrartek aurreratu du urtea amaitu baino lehen beste bi 'Hitza' jarriko direla abian. Horietako bat Donostiakoa izangoda.
MIDASen jardunaldiak
Euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzeko 'Hitza' proiektuek duten garrantzia azpimarratu du Larrartek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu