Eusko Legebiltzarreko taldeen erantzunak

2010eko irailaren 23a
19:49
Entzun
Joseba Egibar (EAJko eusko legebiltzarkidea): "Jaurlaritza aldatu da, baina gizartea ez, eta talka egiten dute"

Eusko Jaurlaritza aldatu dela esan du Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak [PSE-EE dago iaztik lehendakaritzan, EAJren partez], "baina gizartea ez da aldatu, lehengo bera da. Eta PSEk egindakoa ez du naturaltzat hartu gizarteak, eta horregatik duzue [PSEkoek] talka gizartearekin". Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren lana txarra dela uste du Egibarrek; "geldirik dago! Euskal herritarrek ez dute konfiantzen Lopezengan". Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiarekin fijazioa izatea egotzi dio Jaurlaritzari, eta erabaki eskubidearen alde egin du. "Erabakitzeko eskubidea autogobernua sartzen da". Ez daude kontrajarrita". Hezkuntza politikan euskara galtzaile ateratzen ari dela iritzi dio EAJko kideak, "hiruko hizkuntzen ereduaren (gaztelania-ingelesa-euskara] tranpa eginda".

Jose Antonio Pastor (PSE-EEko eusko legebiltzarkidea): "Hau da azken hamar urteetako Jaurlaritzarik indartsuena"

"Iaz garai hauetan baino baikorrago egon gaitezke" esanez hasi du hitzaldia Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak. "Esaterako, enplegu politika aktiboen eskumena lortu da. Jaurlaritzako lehendakari denetik, Patxi Lopezek lehen minututik izan du helburu hori. EAJk ez lehen, Jaurlaritzan zenean; hamar urtean geldirik eduki zuen gaia". Jaurlaritza ondo ikusten duela nabarmendu du Pastorrek. "Hau da azken hamar urteetako Jaurlaritzarik indartsuena eta sendoena. Besteak beste, akordioari esker eratu zelako [PSE-PP]. Jaurlaritza honek aurrekoek baino hobeto kudeatzen daki. Ezkerreko lehen gobernua da, gainera". Gustura agertu da "EAJ Gernikako Estatuaren bidera itzuli" delako. "Duela gutxi zioten Estatutua hilda zegoela...". Fiskalitatearen gaia ere atera du hark, eta adierazi du eztabaida hori Lopez lehendakariak jarri duela mahai gainean. Gainera, honi esker "elkarrizketa sozialen mahaia erabat operatibo dago" [ELAk eta LABek ez dute parte hartzen]. Bestetik, "ETA garaitua" dagoela uste du Pastorrek, eta "alderdi demokratikoek" erakunde armatuaren azken pausoen aurrean erakutsitako "batasuna" goretsi du. Ezker abertzaleari ETArekin mozteko eskatu dio.

Antonio Basagoiti (PPko eusko legebiltzarkidea): Ezker abertzalearen eta ETAren kontra berdin segitzeko eskatu du

Ezker abertzalearen eta ETAren aurkako gaurko politika berarekin jarraitu behar dela adierazi du Antonio Basagoiti PPko legebiltzarkideak, haiek ezin dutela egon 2011n udal eta foru erakundeetan. "Funtsezkoa da zorrotz erabiltzea Alderdien Legea datozen hauteskundeetan. Emaitzak ari da ematen lege hori. ETAren bukaera da helburua. Sobera daude bitartekariak, sobera daude mahaiak". Basagoitik adierazi du PPk gustura hartuko dituela Espainiako Gobernutik eskumen gehiago, "PPk Gernikako Estatutua defenditzen duelako" [1979ko erreferendumean AP ez zen alde azaldu], eta azpimarratu du estatutu hori dela "denon bilgunea", baina Euskadi garatzeko orduan Espainiako Estatu osoa hartu behar dela kontuan, lurraldeen arteko elkartasuna eta kohesioa izateko. Enplegu politiken transferentziaren gaian Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren jarrera kezkagarria izan dela dio Basagoitik, EAJrekin negoziatu duelako Gobernuak.

Aintzane Ezenarro (Aralarreko eusko legebiltzarkidea): "Gero eta jende gehiago dauka Jaurlaritzak kontra"

Euskal Herrian "eztabaida identitarioa" egon badagoela esan dio Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta kontuan hartzeko hori politika egiteko garaian, "lidergoa" hartzeko. Espainiako Alderdien Legea bertan behera utzi behar dela esan dio, "politika egiteko esaten diegun horiek" politika egiteko aukera berak izan ditzaten. "Amaiera ordenatuaren" alde agertu da Aralar. "Akordio zabalak aldarrikatzetik gehiengoa baztertzera pasatu zarete" ere leporatu dio Lopezi. Horretaz gain, Espainiako Gobernuaren "sukurtsala" izatea egotzi dio Jaurlaritzari; "izaera hori gero eta argiago gelditu da", Ezenarroren arabera. PSE-EEren zerga politika zein den galdetu dio, eta Nafarroan ETB ikusteko lan egiteko eskatu. Kontuak kontu, "hilabeteak aurrera joan ahala gero eta jende gehiago daukazue kontra".

Juanjo Agirrezabala (EAko eusko legebiltzarkidea): "Bakea etsaiekin negoziatzen da, ez lagunekin"

"Garai berriak" datozela ohartarazi dio Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Lopez lehendakariari, eta Isaac Rabin militar eta politikari israeldarraren hitzok gogoratu dizkio hitzaldian: "Bakea etsaiekin negoziatzen da, ez lagunekin". Hala, Lopezi esan dio "ordua" dela PSOEk "ETArekin hitz egiteko, bitartekariekin edo gabe". EAko eledunaren ustez, ordea, Jaurlaritza "okerrera" doa, eta lehendakariari egotzi dio Espainiako Gobernuaren ordezkaria dirudiela. "Gertatzen dena da PSOE eta PP arlo politikoan gatazkarekin eroso daudela. Beldurra diote bakeari. Izan ere, haientzat errazagoa da ETAren aurka borrokatzea, Euskal Herriaren estatus berria exijitzen eta modu baketsuak erabiltzen dituen gehiengo sozialaren aurka borrokatzea baino". Bestetik, erreforma fiskala ezinbestekoa dela azpimarratu du Agirrezabalak.

Mikel Arana (EBko eusko legebiltzarkidea): Bakea lortzeko "aukera berrian" denekin hitz egiteko eskatu dio

Bakea lortzeko "aukera berria" dela-eta mahai baten inguruan biltzeko beharra aipatu du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak, eta Lopezi egotzi dio begira gelditzea, ezer ez egitea xede haren bila. Lehendakariari lidergo falta egotzi ondotik, "denekin" hitz egiteko gonbitea egin dio Aranak. Ilegalizazioak salatu ditu EBko eledunak. Krisi ekonomikoaren aurrean Jaurlaritzak daukan jarrera ere salatu du, eta datorren asterako CCOO eta UGT sindikatuek deitua dute greba orokorraren alde agertu da.

Gorka Maneiro (UPDko eusko legebiltzarkidea): "Nazionalismoaren tesiak" onartzea egotzi dio Lopezi

ETA gogor kritikatu du Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak, desegiteko eskatu dio, "ez da balekoa edozein su-eten". ETAren aurkako borrokan legea jarraitzeko galdegin dio Lopezi. Jaurlaritzari "nazionalismoaren tesiak" onartzea leporatu dio, eta eskatu dio "alternatiba eta helburu desberdinak" izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.