Nicolas (48 urte)

"Ez dut beste porrotik gainditu nahi"

2015eko abenduaren 6a
08:51
Entzun

Nicolasen bizitzan azken sei urteak nahasiak izan dira: dibortzioa, genero indarkeria, gurasoen heriotza, depresioa, drogak... Orain «lasai» dagoela dio. Aterpetxe batean bizi da, eta lana aurkitu nahi du etxe bat alokatzeko.

Nicolasek 48 urte ditu eta Santurtzikoa da (Bizkaia). «Emaztea eta biok banatu egin ginen. Beste gizon batekin hasi zuen harreman berria. Behin ikusi egin nituen, eta emazte ohiaren bikotekidea jo nuen. Txarto egin nuen. Salaketa ipini zidaten, genero indarkeriagatik. Emazte ohia geratu zen gure etxearekin, eta nik handik joan egin behar izan nuen».

Duela sei urte banatu zen. Beste andre batekin hasi zuen harremana. Elkarrekin bizitzera joan ziren. Nicolas behar barik geratu zen. Azaldu duenez, neskak ez zuen alokairua ordaintzen. Berak ezin zuen. 600 eurotik gorako zorra egin zuten. Azkenean, banatu egin ziren. «Santurtziko parkera joan nintzen. Han igarotzen nituen gauak eta egunak. Ez nuen lorik egiten. Txirriak erre eta erre ibiltzen nintzen. Triste nengoen». Garai hartan hil zitzaizkion gurasoak eta anaia. «Aita eta anaia minbiziak jota; ama tristurak eroan zuen». Azkenean, medikuarenera joan zen. Depresioa diagnostikatu zioten. Hainbat psikiatrarekin ibili da, eta oraintsu kendu dizkiote sendagaiak.

Gizarte zerbitzuek Bilboko Udalak Mazarredo kalean zuen aterpetxera —gaur egun Uribitarten dago— bidali zuten. Han elkarrizketatzen dituzte etxegabeak, eta egiten dieten azterketaren arabera bideratzen dituzte baliabide batera edo bestera. «Ez zegoen lekurik. Asko haserretu nintzen. Eta hona [Jesusen Bihotzaren apostolikoen zentroa] etorri nintzen. Hemendik Caritasek Errekalden duen aterpetxera bidali ninduten. Hiru egun igaro nituen. Eta hona berriro. Harrezkero hemen nago».

Lasaitasuna lortu duela dio. Gustura dago. Gizarte langileek dirua ematen diote, bere gastuetarako. «Lehen hogei euro izaten ziren. Orain gutxiago. Murrizketa onartu beste erremediorik ez dut izan». Curriculumak bidaltzen dabil, ea lanik aurkitzen duen. Gizarte zerbitzuetakoek eskola graduatua lortzeko eskoletara joateko agindu diote. Baina ez da agertu ere egin. «Beldur naiz. Arreba ere ahalegindu da, eta ez du azterketa gainditu. Gauza askotan huts egin dut, eta ez dut beste porrotik gainditu nahi».

Nicolasek bikotekidea du. Emazte ohiarekin baketu dela dio. Eta semeekin zuen harreman eskasa ere arteztu omen du. Euretako baten zorra bera ari dela ordaintzen kontatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.