Igor (46 urte)

"Ez dut sekula izan arazo ekonomikorik"

2015eko abenduaren 6a
08:50
Entzun

Krisiak lanik gabe utzi zuen Igor. Amarekin bizi zen, baina haren pentsioa ez zen biak bizitzeko lain. Azkenean, kalera jo behar izan zuen. Enplegu bila dabil; etxe bat alokatu eta bere kasa bizitzen hasteko gogotsu. 

Igor Alonsotegikoa (Bizkaia) da, eta 46 urte ditu. «Amarekin bizi nintzen. Sodupeko enpresa batean egiten nuen lan. Baina krisiagatik kalera bota ninduten. Amaren pentsioa ez zen biok bizitzeko bestekoa. Beraz, handik alde egitea erabaki nuen». Neska batekin zebilen orduan, eta harekin bizitzera joan zen. Baina duela bi urte harremana eten zuten. Lagunen etxeetan hartu zuen aterpe, baina ez zen eroso sentitzen. «Kalera joan beste irtenbiderik ez nuen izan». Basauri (Bizkaia) aukeratu zuen. Hango kutxa automatiko batean lo zegoela, ertzain bat agertu zitzaion. «Bilbora etortzeko esan zidan, hemen aterpetxeak daudela, eta halako batean hobeto egongo naizela. Orduan joan nintzen Mazarredokora». Hiru egun egin zituen han. Gero, Elejabarrikora bidali zuten. Iaz Uribitarte kalean inauguratu zuten aterpetxe berrian bizi da orain. «Oso gustura nago, ez dut batere kexarik».

Ez ditu ulertzen halako baliabideak erabili ordez kanpoan lo egitea gurago dutenak. Bereziki, segurtasunak kezkatzen du. «Nik ez dut sekula hotzik pasatu, ez dit inork lapurretan egin, eta ez naute ez jipoitu ez iraindu. Kale gorrian hori guztia sufrituko nuke, eta askoz gehiago. Pentsa zenbat jende hiltzen den urtero».

Ez du diru laguntzarik jasotzen. Gosaria, bazkaria eta afaria aterpetxean edo jantoki sozialetan egiten ditu. Janzteko abonamendu bat ematen diote, Ekoerropara joan eta behar duena erosteko. «Curriculumak bidaltzen ditut, baina inork ez dit deitzen. Ia ez dago lanik. Batzuetan, txatarra batzen lortzen dut diru apur bat». Askotan eskaini diote eguneko zentroan izena emateko aukera, baina beti esan du ezetz. Orain arte. Joan den hilean hasi zen Jesusen Bihotzaren apostolikoek Bilbon duten zentroko tailerretara joaten.

Egunotan diru sarrerak bermatzeko errenta eskatzeko asmoa du. Ez du inoiz jo administraziora laguntza eske, eta ez daki nola egin behar den. «Inoiz ez dut arazo ekonomikorik izan. Eta ez dut sekula irudikatu hain egoera negargarrian bukatuko nuenik». Gizarte laguntzaileak azalduko dio. Diru horrekin etxe bat alokatzeko asmoa du. «Badut modu independentean bizitzeko gogoa, neure kasa. Eta, gainera, beste batentzat libre utziko nuke aterpetxean dudan ohea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.