Ezker abertzaleak bat egin du ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek etzirako deitu duten manifestazioarekin, eta uste du "esparru independentista eta demokratikoaren artikulazioak" izan behar duela "aldaketa politiko eta sozialaren motorea. Larunbatekoa norabide zuzenean emandako pauso garrantzitsu bat da". Haren arabera, mobilizazioa "herri erantzun masiboa izango da larunbatekoa; izan ere, Espainiako Estatuak arazoa ez du ezker abertzalearekin, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri batekin baizik".
Aralarrek ere bat egin du manifestazioarekin, "egoera latz eta larri honen aurrean erantzun bateratua eman" behar delako. "Aralarren ustean, egoera hau salatzen dugunok eta onartzeko prest ez gaudenok bat egin behar dugu. Gehiengo soziala batu behar dugu, erantzun demokratiko bat emateko, herri honek bakea eta normalizazio politikoa behar dituelako. Eskubideen sakontzetik bakarrik etorriko da bakea eta normalizazio politikoa, eta ez jendearen eskubideak mugatzetik edo urratzetik, jendea kartzeleratzetik".
EAk ere bat egin du deialdiarekin, eta manifestazioan izango da Pello Urizar idazkari nagusia. "Eskubide zibilen aurkako atxiloketak izan dira, baita euskal gizarteak normalizazioa lortzeko duen gogoaren kontrako erasoa ere". Gazte Abertzaleak EAko gazte taldeak ere bat egin du.
Baita Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ere. "Errepresioaren aurrean indarrak bildu eta erantzun bateratu eta masiboak burutzeko garaia da. Euskal Herriko eragile eta norbanako guztien inplikazioa eskatzen dugu. Errepresioari hormak jartzen goazen heinean erraztuko dugu prozesu demokratikoari bidea irekitzea".
Udalbiltza ere ados dago deialdiarekin, eta operazioa salatu du. "Euskal Herriko normalkuntza politikoaren konponbiderako eta bakea lortzeko saiakeraren aurkako erasotzat hartzen dugu. Onartezina da 'guztia terrorismoa' dela ondorioztatzea".
Lokarri ere izango da etzi Donostian. "Atxilotuak askatzeko eta Alderdien Legea kentzeko eskatzen dugu. Operazio honetan adierazpen eta biltzeko eskubideak urratu dituzte, eta bake prozesua sustatzeko oztopoa da".
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, AAMk, Udalbiltzak eta Lokarrik bat egin dute manifestazioarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu