Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Donostian bihar eta etziko deitutako euskal presoen aldeko manifestazioak galarazi ditu, horiek "terrorismoa goratzeko xedea" dutela argudiatuta. Etxerat eta Anmistiaren Aldeko Mugimenduak, hala ere, deialdiei eutsi diote. Etxeratek bihar Konstituzio Plazan zortziretako egindako deialdia mantendu du eta Anmistiaren Aldeko Mugimenduak larunbatean 19:00etan aterako den manifestazioari eutsi dio.“Debekuari duintasunez erantzungo” diotela adierazi dute eta “euskal gatazka bukatu arte” ez dituztela “presoen argazkiak gordeko” gaineratu dute.
Bilboko manifestazioak ere debekatu ditu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak. Abuztuaren 21erako deitu zuen martxa ezker abertzaleak, Independentziaren bidean aldaketa soziala eta politikoa lelopean. "Deialdia egin dutenen artean EH eta Batasunako zinegotziak daude", adierazi du Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak.
Atzo, Dignidad y Justiciak txosten bat igorri zion Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari hurrengo asteko ostiralerako Bilbon ezker abertzaleak deitu duen manifestazioa debekatzeko. Joan den abuztuaren 8an Donostian galarazi zuen manifestazioaren helburu berak dituela, eta neurriak hartzeko eskatu zion. Haren ustez, bi deialdiek "lotura zuzena" dute.
Ezker abertzaleak Bilboko Aste Nagusiko ohiko manifestazioa deitu eta biharamunean helarazi zion eskaera Dignidad y Justiciak Garzoni. Herenegun, Arantza Urkaregi eta Marta Perez ezker abertzaleko kideek prentsaurrekoa eman zuten kalera ateratzeko eskatuz.
Ezker abertzaleak deitutako Bilbo eta Donostiako manifestazio guztiak debekatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu