Ezker abertzaleak kritikatu egin du gaur Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduetara Portugaleten EAE-ANVko egoitzaren kontra egindako operazioa, eta Euskal Herrian "defizit demokratikoa oso larria" dela iritzi dio. "Esan eta esan ari gara salbuespenezko egoera bizi dugula gure herrian, tamalez, egunero baititugu hori baieztatzen duten erasoak. Azkenak Espainiako Auzitegi Nazionalak Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen aurka hartutako erabakia edota gaur bertan Garzonek EAE-ANVren Portugaleteko egoitza miatu eta ixteko hartutako erabakia".
Portugaleteko egoitza bat miatu eta ixteko agindua komunikabideen bidez jaso duela dio ezker abertzaleak. "Hau dena Europako zer herrialdetan gertatzen da? Hau guztia gaixo, demokratikoki oso gaixo eta oso ahul dagoen estatu batek baino ezin du egin [Espainiakoak]".
PSOE "delirio errepresiboan" sartuta dagoela iruditzen zaio, "ez hankarik ez bururik duten akusazio juridikoak egiteraino. Ezker abertzalearen aurkako erabakiak erabat politikoak dira".
Horrek denak "garai beltzenak" gogorarazten dizkio ezker abertzaleari; "izan ere, inkisizioa eta frankismo bortitzenak itzuli dira". Haren ustez, "sorgin ehiza abiatu dute aukera independentistaren aurka, 200.000 pertsona berriz ere eskubide zibil eta politikorik gabe utzi asmoz. Baina ez dute lortuko ezker abertzalea, aukera independentista amaitzea".
EAJren jarrera ere salatu du, "berriz ere alfonbra gorria jarri diolako Espainiako Poliziari gure egoitza ixteko".
Ezker abertzaleak dio "defizit demokratikoa oso larria" dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu