Ezker abertzaleko hainbat alkateren ustez, EAJren eta EAren Azpeitiko zentsura mozioa ez da ona konponbide politikoari begira. "Hortik urrundu egiten gaitu", esan dute Niko Moreno Elorrioko (Bizkaia) alkateak eta Iñaki Zabala Urretxukoak (Gipuzkoa), "ezker abertzalearen isolamendua eta kriminalizazioa bilatzen dutelako". Beste hamar bat alkaterekin prentsaurrekoa eman dute gaur, Donostian -han zen Azpeitikoa: Iñaki Errazkin-.
Babesa agertu diete Errazkini eta Azpeitiko ezker abertzaleko zinegotziei, eta ETAk Azpeitian bertan Inazio Uria hil ondoren, haiek "konponbidea" ere eskatu zutela nabarmendu dute Morenok eta Zabalak. Konponbidea lortzeko "herri honen erabaki eskubidea errespetatu" behar dela deritzote.
Azpeitiko "operazioa" herritik kanpo diseinatutakoa dela kritikatu dute, "eta EAJren negozio interesei baino ez die erantzuten". EAren jarrera "onartezina, hipokrita eta salatzekoa" izan dela iritzi diote, alderdi horrek zentsura mozioa babestu egingo duelako eta 2007ko ekainean emandako aldaketa bertan behera utzi duelako. "Aurreko hauteskundeetan Azpeitiko herriak erabaki zuen haize freskoa behar zela, nazkatuta zeuden EAJren kudeaketa ilunaz, baztertzaileaz eta itxiaz". 1979tik 2007ko ekainera beti EAJko kide bat egon zen alkatetzan.
Azpeitiko ezker abertzaleak larunbaterako manifestazioa deitu du (18:00), eta Morenok eta Zabalak bertara azaltzeko eskatu dute.
Ezker abertzaleko alkateek diote mozioak "konponbidea urrundu" egiten duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu