Elkarrekin Podemos koalizioko alderdiek iritzi ezberdinak agertu dituzte gaur igandeko hauteskundeek utzitako aukerez. EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Albak berretsi du oposizioan ikusten dutela euren burua. Ezker Anitzako kideek, ordea, EH Bilduri eta PSE-EEri egin diete dei, "etorkizuneko alternatiba bat" eraikitzeko EAJren ezkerrera.
Albak goizean Radio Euskadin esan du igandeko bozen emaitzek "argi" utzi dutela, "ziur aski", aurrekoa bezalako Eusko Jaurlaritza bat egongo dela hurrengo legealdian ere, "EAJren eta PSE-EEren itunaren ondorioz". Alba: "Guk argi daukaguna da orain oposizioan egotea egokitzen zaigula".
"Ezkerreko alternatba"
Ezker Anitzako koordinatzaile Isabel Saludek eta Iñigo Martinez eta Jon Hernandez legebiltzakide izango direnak, baina, ez dute iritzi bera. Gaur bertan Bilbon egindako agerraldian adierazi dute "ezkerreko alternatiba bat" osatu nahi dutela Eusko Legebiltzarrean: "Ez gara konformatzen berriz ere EAJren gobernu bat izatearekin".
"Proposamen argia" egin die Saludek EH Bilduri eta PSE-EEri: "Jar gaitezen ados agenda sozial baten inguruan, aldaketaren eta jendearen zerbitzura egongo den alternatiba bat eraikitzeko, epe laburrera, ertainera edo luzera".