%56,34 lortuz PS-Europa Ekologia-Ezkerreko Frentea ezkerreko aliantza nagusitu da Akitania mailan, %28,01 eginik bigarren dela UMP eskuina eta hirugarren %15,65 lorturik Forces Aquitaine hautagaitza zentrista. Ipar Euskal Herrian ere ber tendentzia sendi da, ezkerrak %45,06, eskuinak %29,88 eta zentristek %25,07 eginik.
Eskualdeko Kontseiluan ezkerreko aliantzak 58 aulki eskuratzen ditu, UMPk 17 eta Forces Aquitainek 10 lortzen dituztelarik.
2004ko hauteskundeetan ezkerreko aliantzak 57 aulki, eskuinak 21 eta Fronte Nazional eskuin muturrak 7 lortu zituzten. Gaur UMPk lau aulki galdu ditu eta departamendu mailako zerrendaburu den Alain Lamassourrek adierazi duenez, “ezin ukaturiko porrota gogorra” dute gaurkoa.
Abstenzioari doakionez, Ipar Euskal Herriko hautesleen %49,70 bozka bulegoetara agerturik ez da lehen itzulian bezain azkarra izan. Orroit gara, joanden igandean euskal hautesleen %47,89 bakarrik bozkatu zutela. Pireneo Atlantiko departamendu mailan %52,86 parte hartzea izan da.
Haatik, Forces Aquitaine hautagaitzaren emaitzak dira ohargarri. Akitania mailan hirugarren bada ere, Ipar Euskal Herrian usu lehen edo bigarren posizioan gelditu da. Adibidez, Nafarroa Beherean %40,25 eginez beste bi zerrendei nagusitu da, ezkerrak %36,84 eta eskuinak %22,92 lortu dutelarik. Zuberoan berriz %33,24 eginik bigarren da, %47,93 lortu duen ezkerraren atzetik, eskuinak %18,83 lortu duelarik. Haatik, Lapurdin %46,94 lortuz PS-Europa Ekologia-Ezkerreko Frentea aliantzanagusitu da, UMPk %32,58 eta Forces Aquitaine-k %20,48 egin dutelarik.
Sei urteren ordez, lau urterentzat izendaturik dira eskualde mailako kontseilariak. Hain zuzen, lurralde berrantolaketaren erreformak 2014rako eskualde kontseilarien eta kontseilari orokorren karguen desagerpena dakar. Bi kontseiluetan liratekeen Lurralde kontseilari batek ordezka lezake.
Ezkerreko aliantza nagusitu da Ipar Euskal Herrian ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu