Herrialde bakoitzak du bere errealitatea, baina badira guztietan errepikatzen diren arazoak ere. Genero indarkeria da isilpean geratu izan direnetako bat, Txilen, kasurako. Eta are ezkutuago geratu ohi da, agian, gatazka armatuek indarkeriazko kiribil batean korapilatu dituzten gizarteetan, Kolonbia edo Guatemalakoan, esaterako. Latinoamerikako beste hainbat herrialdetan bezala, horietan ere auzitegi etikoak baliatu dituzte emakumeentzat eguneroko diren errealitate isilduak ikusarazteko.
Txile:
Joan den astean, bosgarrenez egin zuten Txilen emakumeen eskubideei buruzko Auzitegi Etikoa. Donostian izan zen orain aste gutxi Francisca Pancha Rodriguez, Via Campesinaren parte den ANAMRURI Emakume Nekazari eta Indigenen Erakunde Nazionaleko ordezkaria, eta hark eman zuen egitasmoaren berri, ANAMURI elkartea baita urtero auzitegia antolatu duena. Andrazko nekazari eta indigenek pairatzen duten indarkeria eraman dute beti auzitara. Lehen lau urteetan, lan baldintzei lotutako indarkeria kasuak eraman zituzten epaimahaiaren aurrera, baldintza kaskarretan aritzeagatik hildako edo larri gaixotutako andreenak, lanean sexu erasoak eta tratu txarrak jasandakoenak, pestizidekin kutsatutakoenak... Aurten, aldiz, sektore transgenikoko erraldoi Monsantoren jarduna epaitu dute, "ingurumenean ez ezik, emakumeen bizitzetan duen eragin zuzena salatzeko", Rodriguezen hitzetan. "Indarkeria handia dakar, haziaz gabetzen baitzaituzte, eta horrekin, zure kulturaz, identitateaz, lurraz... Horrek gogor jotzen ditu emakumeak; asko ditugu gaixorik, larritasunak jota, beren buruaz beste egitea pentsatzen...".
Epaimahai zabala osatzen dute urtero, politika, lege arloa edota bestelako arloetan ezagunak diren lagunekin. "Apezpiku bat ere badugu aurten", dio Rodriguezek. Aurretik, kasuak dokumentatzeko lan handia egin ohi dute, eta ez dela erraza izaten dio Rodriguezek, "presio handia egiten baitute enpresariek kasua ez ezagutarazteko". Horren ondorioz, eta biktima zein senideen testigantzek duten indarraz jabetuta, dio lekukoak lortzea lehen urteetan baino zailagoa dutela orain. "Beldurra, erresistentzia dago, gertatzen ari dena salatzeagatik epaitua izatekoa", batez ere. "Zenbait kasutan, familiei dirua ordaindu diete salaketa kentzeko".
Horiek ikusita, auzitegi etikoa "presio" egiteko tresna eraginkorra dela uste du Rodriguezek. Batetik, kasu batzuk auzitegi arruntetara iristeko bidea egiten laguntzen duelako; "Aurrekari guztiak biltzen ditu, etikoki epaitzen du, eta juristak lortzen ditu kasua auzitegi arruntetara iristeko, bestela oso zaila baita". Bestetik, lan arlokoa ikusarazita, etxe barruan ezkutatzen den indarkeria ikusarazteko «arrakala bat» irekitzea lortu dutela dio, elkartearentzat "auzi zailenetakoa" dena. "Errazagoa da nekazari komunitateek pairatzen duten indarkeria instituzionalari heltzea, etxe barrukoari baino. Emakumeek lan munduan jasaten duten indarkeria borrokatuz iritsi ginen gu etxe barruan jasaten dutenera ere".
Rodriguezen ustez, auzitegiarena esperientzia "latza da, baina aukera bat da ezkutuan dagoen hori ikusgarri egiteko".
Kolonbia:
Aspalditik gatazka eta indarkeria egoeran dago Kolonbia, eta emakumeek modu bereziki latzean jasan izan dituzte ondorioak. Sexu abusua eta esplotazioa, nahi gabeko haurdunaldiak, behartutako esterilizazioak, abortuak, sexu jazarpena... Hamaika modutan jasan dute genero indarkeria emakume kolonbiarrek. Hainbat ikerketaren arabera, 2001 eta 2009 bitartean, ia milioi erdi emakume izan ziren sexu indarkeriaren biktima, talde armatuak zeuden 407 udalerritan. Ordea, %82k ez zuten salatu, gehienek talde armatu horien eraginpean bizitzen jarraitzen baitzuten.
Gatazka armatuari lotutako sexu indarkeria kasuetan izan den inpunitateari erantzuteko, hainbat auzitegi sinboliko antolatu izan dituzte bertako emakume elkarteek. Horien adibide dira 1998an Cartagenan Ruta Pacifica de Mujeres erakundeak antolatuta egin zen emakumeen kontra egindako gizateriaren aurkako delituei buruzko Egiaren Auzitegia; 2005ean eta 2006an Caliko emakume taldeek ahanzturaren aurka antolatutakoak; 2007an Larruazala letreiatu kanpainan burututakoa; eta 2010ean Emakumeen ahotsik gabe egia ez da osoa izenburupean Medellinen eginikoa.
Orain bi urte, Humanas-ek, Kolonbiako Giza Eskubideen eta Genero Justiziaren zentroak, martxan jarri zuen Kolonbiako gatazka armatuaren inguruan egon zen sexu indarkeriaren aurkako Auzitegi Sinbolikoa eratzeko parte hartze prozesu zabala. Auzitegiarekin, hiru erronka jarri zituzten mahai gainean hamaika erakunde eta elkartek: "Iritzi publikoari ezagutzera ematea Kolonbiako gatazkaren inguruan emakumeen aurka izan zen indarkeriaren neurria, berezitasunak eta gerra estrategia gisa hartu dituen forma ezberdinak", batetik; indarkeria hori ez dela ikertua ez epaitua izan salatzea, bestetik; eta, azkenik, baieztatzea Kolonbian "bake egonkor eta iraunkorra" lortzea ez dela izango posible biktima izan diren emakume horien egia, justizia eta erreparazio eskubideak aintzat hartu gabe.
Dozenaka elkartek parte hartu zuten auzitegiaren antolaketan, eta hamaika emakumeren ahotsetan entzun ahal izan ziren herrialdeko bazter guztietan zenbait talde armatuk egindako izugarrikeriak. Peritu lanetan aritu ziren adituek, berriz, indarkeria horren eragin psikosozialak eta estatuaren erantzukizunak izan zituzten hizpide. Epaimahaiak, azkenik, azken epaia landu zuen, gero agintariei helarazi zietena.
Guatemala:
Herrialdea 36 urtez astindu zuen gatazka armatuak milaka biktima utzi zituen. Urteotan guztietan, emakumeen aurkako sexu indarkeria praktika masiboa, orokortua eta sistematikoa izan zen Estatuko segurtasun indarren partetik, gerra arma gisa erabilita, Guatemalako Inpunitatearen aurkako Nazioarteko Batzordearen arabera. Milaka emakume eta neskato bortxatu eta sarraskitu zituzten, %80 indigenak.
2010ean, bederatzi emakumek isiltasuna hautsi, eta testigantza eman zuten emakumeen aurkako sexu indarkeriaren inguruko Kontzientzia Auzitegian. Guatemalako Emakumeen Batasun Nazionalak antolatuta, lehen urratsa egin zuten urtetan ezkutatutako errealitate bat azaleratzeko; datuak eskandalagarriak izanik ere, sexu indarkeriaren auzia ezezaguna zen Guatelamako herritar gehienentzat.
Bi urte geroago, erabaki historikoa hartu zuen herrialdeko epaitegi batek: lehen aldiz, estatuburu ohi bat, Jose Efrain Rios Montt jeneral ohia, ixil etniako indigenen aurkako genozidioagatik epaitzea erabaki zuen.