EZTABAIDAREN KRONIKA: Elkarrizketa dela indarkeria amaiarazteko bidea aldarrikatu du Europako talde sozialistak

2006ko urriaren 25a
17:25
Entzun
Martin Schulz Europako Parlamentuko talde sozialistaren buruak indarkeria amaitzeko elkarrizketa dela bide bakarra adierazi du Estrasburgoko Legebiltzarrean Euskal Herriko konponbide prozesuaren inguruan egin den eztabaidan. Halaber, Europako Batasuneko presidentetzak (Finlandiak) babesa agertu dio Zapateroren Gobernuari. Hans Gert Pottering Europako Alderdi Popularreko burua elkarrizketaren kontra agertu da, biktimen izenean.

Puntual antzera, bederatzietatik minutu eskas batzuk igaro direnean, hasi da Europako Legebiltzarren Euskal Herriko prozesuari buruzko eztabaida. Paula Lehtomaki Finlandiako Europako Gaietako ministroakabiatu du saioa, sei hileko honetan Filandiak baitu EB Europako Batasuneko presidentetza. Elkarrizketa bidea jorratzearen alde agertu da, eta, funtsean, babesa agertu dio Zapatero Espainiako gobernuburuari.

Franco Frattini Europako Batzordeko presidenteordeakhartu du ondoren hitza. Analista askok ikusmin handiz hartu dute Frattiniren hitzaldia, Europako Legebiltzarrean gaurko eztabaidagaiak banaketa sortu duenez -popularrak alde batetik, sozialistak bestetik- Batzordea batzuekin edo besteekin lerra zitekeen ikuskizun baitzegoen. Ez du elkarrizketaren baliagarritasunaren inguruko adierazpenik egin, indarkeria gaitzetsi du behin eta berriz, biktimak ezeren gainetik aintzat hartu behar direla nabarmendu du, baina, era berean, "Espainiak bere instituzioe demokratikoen bidez terrorismoari aurre egiteko bide egokiena aurkituko" duela esan du, nolabait, Zapateroren ekimena onetsiz. Ildo beretik, gai honetan "batasuna" permiazkoa dela nabarmendu du.

Sarrera horien ondoren, eztabaida bera Hans Gert Poettering Europako Alderdi Popularreko ordezkari alemaniarrakhasi du. Elkarrizketaren kontra agertu da Poettering, horretarako behin eta berriz biktimen argudioa erabiliz. Astelehen gauean Frantzian, Nimesen, izandako arma lapurreta ere aipatu du Poetteringek ETAren asmoa oraindik indarkeria erabiltzea dela nabarmentzeko.

Biktimetako asko prozesuaren alde daudela erantzun dio popularren bozeramaileari Martin Schulz talde sozialistaren bozeramaile alemaniarrak, eta bereziki miresgarria iruditzen zaiola haien jarrera: hots, beren sufrimenduaren gainetik biktima bat gehiago ez izateko nahia jartzea. Gaur bozkatuko den ebazpenaren alde egitera bitkima horien "indar moralak" bultzatzen dituela azpimarratu du Schulzek.

Azken batean, indarkeria amaiarazteko bidea elkarrizketa dela aldarrikatu du sozialisten bozeramaileak. ETAren indarkeria ez dela Espainiaren arazoa iritzi dio, baizik eta Europa guztiarena eta "demokrata denena", eta, beraz, guztiei dagokiela irtenbidea topatzea. Elkarrizketaren aldeko argudioa indartzeko, Jose Mari Aznar Espainiako presidente ohi eta PPko buruak 1998an egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Schulzek, gaztelaniaz. Hau da, orduko hartan behin betiko bakea egiteko ahalegina egiteko prest agertu zela Aznar, "itxaropena, barkamena eta eskuzabaltasuna" erabiliz.Egun elkarrizketa aukeraren aurkari nagusietakoa da Espainiako Gobernuburu ohia.

Dena den, Aznarrek orduan agertutako izpirituari heltzeko eskatu die Shulzek talde popularreko diputatuei, "terrorismoa"Europari eta demokraziari eragiten diona auzia izanik, ebazpen komun bat behar dela nabarmenduz. Frantziakoarma lapurretaz ere aritu da: elkarrizketaren bidea berarekin duen arriskuaren adierazle dela esan du. Baina indarkeriaren "sorgingurpila" apurtzeko ezinbestekoa dela arriskua hartzea eta talde politiko guztiek batuta jokatzea nabarmendu du. Zapaterori hainbat laudorio egin dizkio Schulzek bere hitzaldian, batik bat, haren ausardia azpimarratuz.

Jarraian, Graham Watsonek liberal-demokraten izenean hitz egin du. Demokraziaren aldeko politikariek biktimei egin diezaieketen omenaldirik onena “biktima gehiago ez izatea" izango litzatekeela nabarmendu du. Horregatik, azaldu du bere taldeak bat egiten duela Europako Alderdi Sozialistak aurkeztutako ebazpenarekin. Espainiako Gobernuak helburu hori lortze aldera egiten duen lana babestea dagokio Europako Parlamentuari Watsonen ustez. Bakea eraikitzeko lan egitea ezinbesteko dela nabarmendu du eta dei egin die eurodiputatu guztiei alderdiekeriak albo batera uzteko.

ondoren, Monica Frassonik hartu du hitza Berdeak-EALtaldearen izenean eta bere taldeak bake prozesua guztiz babesten duela adierazi du. Besteak beste, euskal alderdiengan eta euskal gizartearengan ardura garrantzitsua ezartzen duelako. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aipatu du Frassonik.

Atzo gauean azken aldaketa, adostasunaren bila

Europako talde sozialista azken unera arte aritu da Europako Alderdi Popularrarekin akordioa lortzeko ahaleginetan, eta atzo iluntzean Enrique Baron talde sozialistako presidenteak jakitera eman zuenez, ahozko zuzenketa aurkeztuko diote euren ebazpenari.

Ebazpena Europako Alderdi Sozialistak (200 diputatu), Europako Liberalen eta Demokraten Aliantzak (88), Berdeak-Europako Aliantza Librea (42) eta Europako Ezker Bateratuak (41) hitzartu dute. Ebazpen proposamen hitzartuak Espainiako Kongresuan 2005eko maiatzean onartutako mozioko irizpideekin bat egiten du, Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketei babesa ematean. Baina ahozko zuzenketak Kongresuaren aipamena ezabatzen du. «Euskal Herriko bake prozesua Diputatuen Kongresuan hitzartutako terminoetan babesten duela» jarri beharrean, «Espainiako erakunde demokratikoek beren eskumen esparruan hasitako Euskal Herrirako bake ekimena» babesten duela jasoko du. Baronek atzo adierazi zuenez, Europako Alderdi Popularrean eztabaida bizia dago ebazpenaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.