Fagor-Brandtek ordainketak eten ditu Frantzian

2013ko azaroaren 6a
20:16
Entzun

Frantziako Fagorreko lau lantegiek —Aizenay eta La Roche-sur-Yon (Vendee departamenduan), Vendome (Loir et Cher) eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansen (Loiret)—, Poloniako Fagorreko lantegiaren bidea jarraituko dute gaur bertan: konkurtso legea. Hala baieztatu du Thierry Leonard Fagor-Brandteko zuzendariak, sindikatuekin bilera izan ostean. Arratsaldean zehar egin behar zuen ordainketak eteteko eskaera —konkurtso legearen parekoa Frantzian—, Nanterreko auzitegian (Hauts de Seine).

Justiziaren esku finantzaketaren bila jarraituko duela esan du zuzendaritzak. Neurri batean itxaropentsu azaldu da Léonard. Haren esanetan, eskari handiak dituzte Gabonak arte (82 milioi eurokoak) eta ordainketa etendurak aukera emango die lau fabrikak martxan hasteko dirua bilatzeko. Leonardek kalkulatu duenez, 25 edo 35 milioi euro behar ditu horretarako.

Fagorrek azken urteotan pilatu duen 800 milioi eurotik gorako zorraren 250 milioi dagozkio Frantziako adarrari, sindikatuek azaldu dutenez: 142 milioi kanpoko mailegatzaileei zor die (bankuei), eta beste 108 milioi Mondragon taldeari. 2006an erosi zuen Fagorrek Brandt, eta bere neurria bikoiztu egin zuen egun batetik bestera. Marka historikoa da Brandt, baina zailtasun eta gorabehera handiak izan ditu azken 20 urteotan. Edonola ere, Frantziako merkatuaren zati handi bati eutsi ahal izan dio azken urteotan, %14 ingurukoa.

Horregatik, Brandtek Frantzian "etorkizuna badu", esan du Arnaud Montebourg  Berrindustrializazio ministroak, eta agindu du eginahalak egingo dituela ahalik eta lantegi eta lanpostu gehien eusteko. Berriro dei egin dio Espainiako Gobernuari elkarlanean aritzeko Fagor salba dadin. Bide desberdinak hartu dituzte, ordea, Euskal Herriko eta Frantziako adarrek: lehenengoa likidatzeko bidean da, eta bigarrena ez, oraingoz.

Gobernuari laguntza eske

Frantziako Estatuaren laguntza da, hain zuzen ere, sindikatuek espero duten salbagailua. «Espainiarekiko zubiak hautsi behar dira, eta Estatuarengana jo; hori da irtenbide bakarra", adierazi du Philippe Berger CGTko ordezkariak. Oharra egin dio Bergerrek Parisko gobernuari: "Estatuak ez badu esku hartzen, ondorioak dramatikoak izango dira: nahiago dugu lantegiari su ematea gure lanbidea galdu aurretik".

Frantziako Gobernuak bere kezka adierazi du Fagor-Brandten egoera dela eta. Bihar bertan enpresako zuzendaritzarekin bilduko dela iragarri du Montebourgek, ministerioaren Bercyko egoitzan.

Sindikatuek diote Frantziako adarra bideragarria dela, eta bereziki Vendômekoa  (221 langile) eta Saint Jean de Ruelle-Orleansekoa (523 langile).  Etorkizun pixka bat ilunagoa lukete Vendee departamenduko (mendebaldea) biek, La Roche-sur-Yonekoak (339 langile)  eta Aizenaykoak (106 langile). Lyonen ere bada Fagor-Brandtentzat lan egiten duen lantegi bat, baina haren jabetza SITL taldearena da orain. Lantegi horretan Brandten 40 lagun aritzen dira ikerketan eta garapenean, eta beste 400 inguru ekoizpenean. Hornitzaileak zenbatuz gero, 3.000 lanpostu inguru arriskuan daudela ziurtatu dute sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.