Falujako su etena beste 48 orduz luzatu dute

2004ko apirilaren 14a
13:15
Entzun
Falujan orain sei egun ezarri zuten tregoa beste 48 orduz luzatzea erabaki dutela esan dute negoziaketen inguruko iturriek.

Su-etena indarrean egon arren, erresistentziaren eta tropa estatubatuarren arteko borrokak jarraitu egiten dute; azken horiek, hiria setiatuta daukate hamar egunetan. Borroken lekuko, Falujako auzo bat bonbardatzen zuten helikoptero estatubatuarren irudiak bota dituzte arabiako telebistek, gaur goizeko gertaerak direla esanez.

Bestalde, soldadu estatubatuarrak Najaf hirira joan dira. Hiri hartan dago xiiten buruzagi Muktada al Sadr. AEBetako buru militarrek Muktada al Sadr atxilotu edo hiltzeko asmoa azaldu zuten, eta buruzagi xiitak "martirioan hiltzeko" prest zegoela erantzun. Bera hiltzen bazen ere, erresistentziari eusteko eskatu zien irakiarrei. Hala ere, negoziaketei erreferentzia eginez, "ate guztiak irekita dituela" esan zuen Muktada al Sadrek.

Sei irakiar hil dituzte estatubatuarrek

Militarren hornikuntza kamioi batean lapurretan ari ziren sei irakiar hil dituzte soldadu estatubatuarrek gaur, Bagdagen.

Kamioia etxean egindako lehergailu batekin erasotu dute, hiriaren erdigunea aireportuarekin lotzen duen errepidean. Lekukoek kontatu dutenez, leherketa izan denean inguruko irakiarrak lapurretara gerturatu dira, eta orduan, soldadu estatubatuarrek tiro egin diete. Tiroketan sei irakiar hil eta beste batzuk zauritu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.