Familia osoa elkarrekin alardean

Aitak betidanik alardean desfilatu badu ere, mistoa hasi zenean, oso normaltzat jo zuen han parte hartzea; amari inoiz ez zitzaion aukera hori burutik pasatu, baina ez da damutzen

2006ko ekainaren 30a
09:47
Entzun
Agurtzane Solabarrieta

Koldo Alberdi aita, Karmele Egues ama, eta euren seme-alabak, Mikel Alberdi eta Katrin Alberdi, elkarrekin ateratzen dira alarde mistoan. Duela zortzi urte hasi ziren. «Familia osoak hartzen du parte festan», zehaztu du Karmelek. Lehen, ordea, ez zen horrela.

Aitak betidanik desfilatu izan du alarde tradizionalean. «Lehen ez zegoen besterik», zehaztu du. 19 urterekin hasi zen, Anaka konpainian. Ezkondu ondoren ere jarraitu zuen. Seme-alabak oso txikiak zirenean, ordea, bizpahiru urtetan, ez zuen desfilatu: «Urte horietan espaloitik bizitu nuen alardea. Orduan konturatu nintzen alardearen barruan hobeto pasatzen dela kanpoan baino, eta bueltatu egin nintzen».

Karmelek, ordea, kanpotik bizitzen zuen, behin izan ezik. 20 urte zituenean kantinera izan zen. Bera, ordea, oso gustura zegoela aitortzen du. Beti oso goiz joaten zen seme-alabekin batera lekua hartzeko. «Handitzen hasi zirenean, baina, aspertu egiten ziren. Nik oso gaizki pasatzen nuen. Alardea ikaragarri gustatzen zait, eta ez nekien nire seme-alabei nola transmititu sentimendu hori».

Emakumeak alardean sartzen saiatu ziren urtean, bere etxekoak asko haserretu zirela gogoan du Karmelek. Bere izeba oso San Martzial zalea da, eta horretarako ez zegoela eskubiderik oihukatzen hasi zen. Kanpotik autobus ugari etorri zirela eta alardea izorratzen ari zirela esaten zuen. «Hori horrela ote zen ikustera joan nintzen. Ospitale zaharrera joan nintzenean, ez nuen halakorik topatu. Nire ezagun ugari, gazteak... ikusi nituen. Eta ni zergatik ez? Pentsatu nuen». Ordura arte ez zitzaion burutik pasatu ere egin: «Nik beti eskatu dut berdintasuna, baina alardearen kontuan, ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten. Nire seme-alabei alardearena sartzeko modua bertan parte hartuz izan zitekeela pentsatu nuen».

Hurrengo urtean alarde mistoan parte hartuko zuela esan zuen etxean. Gainerakoek ere asmo bera zuten ordurako, alabak izan ezik. Koldok normaltzat jo zuen aukera hori: «Bizitza guztian saiatu gara seme-alabekin ezberdintasunik ez egiten, eta, justu, alardean ezberdintasun hori ematen zen: semeak desfila zezakeen, baina alabak ez. Gure printzipio guztien aurka zihoan. Posizio logikoa hartu genuen, eta beste alardean sartzea erabaki genuen».

DENAK ELKARREKIN. Lehen urtean gurasoak eta semea, Mikel, atera ziren. Katrin alaba, ordea, ez zen animatu, bere lagun taldean ez baitzegoen giro ona gai horrekin. «Alardea ikustea gorroto nuen, txikitako sufrimendua zen. 14 urte nituenean Hondarribian atera nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatu. 18 urte arte parranda egiten nuen, eta 30ean lo. Lehen urteetako istiluei, gainera, ez nien kasu gehiegirik egin. Amak esan zuenean aterako zela, ni ere animatu egin nintzen. Inoiz ez zitzaidan bururatu tradizionalean ateratzea, Hondarribiko esperientzia ez zitzaidalako batere gustatu», azaldu du Mikelek.

Karmele pozez txoratzen dago orain: «Ez du zerikusirik alardea kanpotik edo barrutik bizi. Guztiek probatu beharko lukete, eta gero norberak aukera dezala».

Alarde mistoan ateratzeagatik, dena den, ingurukoen aurpegi txarrak eta haserreak jasan behar izan dituzte. Eurak, ordea, pozik daude egin duten hautuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.