Fedeafes elkartearen aholkuak

2017ko ekainaren 14a
16:12
Entzun

Egun buruko gaitzak dituzten emakumeen indarkeria usu ezkutuan dagoela eta, hainbat aholku eman dituzte Fedeafesek plazaratu duen gidan osasun arloan, gizarte zerbitzuetan eta gaixoen elkarteetan ari diren profesionalentzat:

Bakarrik eta ingurune seguruan dagoela elkarrizketatu.

Emakume gehienek ez dute indarkeriaz hitz egingo konfiantzazko ingurumen batean ez badaude. Galdera ez zuzenekin hasi eta, konfiantzazko giroa sortu ondoren, indarkeriaren gaia jorratzen hasi galdera konkretuagoekin.

Tratu txarrak daudela adierazten duten seinaleei adi egon.

Sintomatologia maiz eta eragile garbirik gabe aldatzea, gaixotasunaren sintomen errudun sentitzeko eta bere buruaz gaizki hitz egiteko joera, kontakizuna koherentzia gutxirekin aldatzea edo arrazoi argirik gabeko desoreka emozionala tratu txarren seinale izan daitezke.

Sistematikoki heldu gaiari.

Datuak argiak dira, eta kezkagarriak: buruko gaitzen bat duten emakume gehienek jasaten dute —edo jasan izan dute— indarkeria; aldaera batean, edo gehiagotan. Beraz, gaiari sistematikoki heldu behar zaio horiek artatzean.

Errudun ez sentiarazi.

Berak bizi duen egoera ohikoa dela, ez dela bidezkoa eta ez dela bere errua jakinarazi eta ziurtatu behar zaio emakumeari. Askotan, buru gaixotasuna duten emakumeek haien sintomatologiak beraienganako biolentzia justifikatzen duela uste dute.

Emakumearen kontakizuna sinetsi beti.

Emakumeak bere aurkako indarkeria kontatzean, zalantzan ez jarri eta iritzirik ez eman. Desoreka psikopatologikoa dagoen momentuetan sinesgaitza bihurtzen bada, orekatua dagoenean kontatzen duen istorioarekin alderatu.

Salaketa jartzea beharrezkoa ez dela adierazi.

Emakume bakoitzaren erritmoa eta erabakiak errespetatu behar dira indarkeria egoera batetik ateratzeko. Emakume askok ez dute salaketa jarri nahiko, edota bikotekidea utzi nahiko, eta hori egiteko ez zaie presiorik jarri behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.