"Fernandezek hitzik egiten ez duen artean, ez dut ezer esango"

2014ko abenduaren 14a
08:45
Entzun

Gizarte elkarrizketaren mahaia eratu berri da. Nolako zilegitasuna du langileen ordezkaritzaren %60 ez badago eserita?

Alde biren arteko elkarrizketak badira; ez da bakarrik mahai bat osatzea. Sindikatu batzuek baztertzaileak liratekeen baldintzak jartzen badituzte, edo esklusibotasuna planteatzen badute, ez dago inoiz horrelako mahairik eratzerik. Ez dago elkarrizketarako borondaterik. Ez da gustukoa %60 ordezkatzen duten sindikatu batzuk kanpoan uztea. Horregatik da mahaia ez-itxia. Jarraituko dugu haiekin hitz egiten. Baina egin beharko lukete gogoeta. Hipokrisia handia dago. ELAk parte hartzen du Espainiako organo batzuetan, eta hemen, ez. Nola uler daiteke? Salatzen digu Espainiako Gobernuaren morroi edo lankide garela. Aitortu gabe hemen zer neurri hartzen diren, eta Espainiako Gobernuak zer neurri hartu eta ezartzen dituen hemen. Eta han parte hartzen du, eta hemen, ez.

Agintaldi erdian eratu da mahaia. Zergatik kostatu da hainbeste?

Ahaleginak eta bi egin ditugulako mahaia denon parte hartzeaz eratzeko. Iaz, uztailaren 7an bukatu zen ultraaktibitatea. Inork ez du azpimarratzen Jaurlaritzak zer ahalegin egin zuen Confebasken eta sindikatuen artean ados jartzeko. Akordiorik ez bazen izan, patronalaren aldetik izan zen. Sindikatuek ez digute aitortu nahi izaten zer jarrera izan genuen. Iazko uztaila zen. Hortik aurrera, harremanak berreskuratu behar izan genituen. Mahaia atzeratzeko eskatu zuten. Ez da izan Jaurlaritzak atzeratu nahi izan duelako edo ezintasuna izan duelako, baizik eragile batzuek eskatu zutelako.

EAJk harengan zuen konfiantza galdu duelako joan da Mario Fernandez Kutxabanketik?

Ez dakit. Berak ez du esan, eta nik ez dut ezer esango berak esan ez duenaren inguruan. Goraipatu egin dut Fernandezek zer egin duen: bai kutxen integrazio prozesuan, bai Kutxabanken ibilbidean. Hortik aurrera, EAJk jakingo du. Legenda asko egin da: ematen du ni izan naizela, legebiltzarrean emandako erantzun batengatik, Fernandez jauna erortzen utzi duena. Uste nuen Fernandezen eta bion arteko hartu-emanak oso onak zirela; ez dut kontrakorik pentsatu inoiz. Berak hitzik egiten ez duen bitartean, nik ere ez dut ezer esango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.