Sorrera. 1899an sortu zen, Turinen(Piemonte, Italia), Fabbrica Italiana Automobili Torino izenarekin (FIAT). Giovanni Agnelli enpresaburua zuen sortzaileen artean, eta haren menpe geratu zen gero. Haren familia da akziodun nagusia (%30). Agnelliren hereniloba (bilobaren biloba) da orain konpainiako presidente, John Elkann.
Ekoizpena. Fiatek 1900ean ireki zuen lehen lantegia: 35 langile zituen, eta 24 auto egitea lortu zuen. Bere 215.000 langileek 4,4 milioi auto egin zituzten iaz.
pMarkak. Fiat, Alfa Romeo, Lancia, Maserati, Ferrari (Fiat da %90en jabe), Chrysler, Jeep eta Dodge.
pFabrikak. Italiako industria talderik handiena da Fiat. Haren auto adarrak 11 fabrika ditu Italian: haietako zazpitan egiten dituzte autoak, eta lautan motorrak. Polonian bi lantegi ditu; Serbian, bat (Zastava ohia); eta Turkian, beste bat (Tofasekin). Furgonetak egiteko bi lantegi ditu PSArekin batera (Frantzian eta Italian), eta bat Hungarian, Suzukirekin 4x4 txiki bat egiteko. Fiatek lantegi bana du Brasilen eta Argentinan, eta erdibana Indian (Tatarekin) eta Txinan (GACekin). Chryslerrek, berriz, hamahiru lantegi ditu AEBetan: lau Mexikon, hiru Kanadan eta bat Venezuelan.
Salmentak. 2013an salmentak %3 igo zituen (4,4 milioi), baina gorabehera handiekin. Europako Batasunean pisua galtzen ari da Fiat: iaz 724.000 auto saldu zituen, aurreko urtean baino %7 gutxiago. Merkatu kuota galtzen ari da: %7,7 zuen 2010ean, eta %6,1 besterik ez iaz. Salmenten hiru laurdenak Fiat berari dagozkio. AEBetan, berriz, bizkor ari da berreskuratzen Chrysler: 1,8 milioi auto saldu zituen iaz, 2009an halako bi. Merkatu kuota %8,8tik (2010) %11,4ra (2013) igo da. Kanadan ia %15 du; Argentinan %32 egin zuen gora salmentak (%12ko kuota), eta Brasilen, berriz, %7 behera (%21,5). Munduko merkatu handienean, Txinan, txikia da oraindik Fiat, baina asko hazi da: %125 handitu ditu salmentak, eta merkatu kuota bikoiztu egin du, %0,8 arte.
Emaitzak. Fakturazioa 86.816 milioira iritsi zen (%3), Ipar Amerikak, Txinak eta Indiak konpentsatu baitzuten Europako eta Latinoamerikako jaitsiera. Irabazi garbia %4 jaitsi zen, 3.394 milioira arte. Kutxak ongi beteta ditu: 19.700 milioi euroko likidezia.
Beste jarduerak. CNH industrialen %88 du Fiatek. Haren 37 lantegietan egiten dituzte, besteak beste, Iveco kamioiak eta New Holland traktoreak. Fiatenak dira, halaber, Magnetti Marelli auto osagaien egilea, Teksid fundizioa, Ingest eraikuntza enpresa, La Stampa egunkaria... Hegazkin militarrak, motor txikiak (Vespa) eta trenak egin izan ditu, baina negozio horiek saldu egin zituen.