Fiskala, 'Bateragune auziagatik' Otegi-eta libre uztearen aurka

2010eko urriaren 28a
20:21
Entzun
Arnaldo Otegiren abokatu Jone Goirizelaiak astelehenean hura aske uzteko eskaera egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean "azkenaldiko gertaera politikoak direla-eta", baina Vicente Gonzalez Mota fiskala eskaeraren aurka azaldu da, "gertaera horiek auzibidearekin zerikusirik ez dutelako".

Bateragune auziarekin lotuta egin du Goirizelaiak eskaera. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten Otegi, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuelakoan eta "ETAren esanetara" ari zelakoan. Abokatuak dio azken arrazoi hori "gezurra" dela erakutsi dutela azken gertaerek. Auzi horregatik Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zalabeta ere preso dauzkate, eta horiek askatzeko ere eskatu du abokatuak.

Joan den martxoan Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri zion Otegiri, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok. Defentsak Gorenera joa du; beraz, epaia ez da irmoa oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.