Fiskalaren eta defentsaren arrazoiak artxiboa eskatzeko

2009ko abenduaren 15a
12:26
Entzun
Imanol Murua Uria (BERRIA, 2009-12-09)

FISKALA

Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioak frogatzat dituzten agiriek ezer ez dutela frogatzen ondorioztatu zuen Miguel Angel Carballo fiskalak 2006ko abenduko idatzian.

Interesa, auzipetuek jakin gabe. Guardia Zibilak frogatzat aurkeztu dituzten agiriek, izatekotan, ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela -eta, akaso, kontrolpean eduki nahi zuela-, besterik ez dute adierazten. Baina auzipetuak interes horren jakinaren gainean zeudela edo asmo horrekin ados zeudela egiaztatzen duen ezer ez dago.

Errezeloak. "Argi eta garbi ondorioztatzen da egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean".

Erabakimenik ez. "ETAk ez du inposatzen, Egunkaria-ko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen".

Interpretazio okerra. "Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela, eta auzipetuen aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela".

Ondorioa. "Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman".

DEFENTSA

Argudio hauek eman dituzte defentsako abokatuek, aurkeztu berri duten idatzian, akusazioaren agiriei buruz.

Kanpotik. "Egunkaria-ri eta akusatutako pertsonei buruzko aipamen guztiak Egunkaria-ren kanpotik, distantziatik, egindakoak dira. Beste batzuenak diren egitasmoez ari dira".

Ezagunak. "Agiri horietako datu guztiak ezagunak ziren, eta kasu batzuetan eztabaidagai publiko ere izan ziren. Agiriak beraiek ere ezagunak ziren bai Poliziarentzat baita auzitegientzat ere, ikerketa hasi baino urte asko lehenagotik".

Erabakimenik ez. "Agirietako bakarrean ere ez da ageri agirien egileek inolako erabakirik hartu zutenik Egunkaria-ri buruzko ezertan".

Sorrera ondorengoak. "Agiri guztiak hamar urte baino gehiago zituzten Egunkaria itxi zuten unean, baina guztiak ere Egunkaria sortu ondorengoak dira".

=b'Egunkaria'-koei agiririk ez.=b "Egunkaria-rekin zerikusia duen inori ez zaio atzeman ETAren esku-hartzeari buruzko aipamenik egiten duen agiri bakar ere".

ETAtik agiririk ez. "ETAk Egunkaria-ren sustatzaileei egindako batere agiririk ez da aurkitu".

Interesa baino ez. "Agiriotan oinarrituta, gehienez ere ondoriozta daiteke ETAk interesa zuela, eta informazioa ere bai, Egunkaria-ren sorrerari buruz, baina inolaz ere ez kontrola".

Beste interpretazio batzuk. "Agiri horiei buruz Guardia Zibilak egiten dituen interpretazioek ez dute sendotasunik, eta beste interpretazio batzuk, askoz arrazoizkoagoak eta akusatuen aldekoagoak, egin daitezke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.