Fiskalaren idatziko pasarteak

2006ko abenduaren 15a
13:36
Entzun
ETAren interesa. «ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela ondoriozta liteke agiri horietan, euskara hutsez idatzitako egunkaria zenez, eta akaso, kontrolpean eduki nahi zuelako; prozeduran egiaztatu nahi dena da auzipetuak interes horren alde aktiboki parte hartu zutela, eta beraz, jarduera horren arduradun zirela erakunde terroristaren tresna moduan. Fiskalak, baina, ondorioztatzen du ez dagoela hori egiaztatzeko eginbide sumarialik, eta aipatutako agiriek behintzat ez dutela hori egiaztatzen; gainera auzipetuei ez zaie atzeman ETAk egunkarian parte hartu zuela erreferentzia egiten dion inolako agiririk».

Sorrera eta kontrola. «Gauza bat da [ETA] bandak interesa eta informazioa izatea egunkariaren sorrerari buruz, [sortzear zela] jakina eta ezaguna baitzen orduan, baina oso bestelako kontua da egunkariaren sorrera kontrolatu zuela esatea».

Ildo editoriala.«Fiskalak uste du ez dagoela zume nahikorik akusazioarekin jarraitzeko, eta benetako errealitate frogatutzat jotzeko legezko egunkari baten pean ETA erakunde terrorista ezkutatzen zela; horretarako egiaztatu beharko litzateke auzipetuek bere egunkariaren bidez terrorismoa ideologikoki justifikatzen zutela ildo editorial bat jarraituz, eta hori ez da horrela».

Harremana. «ETAko kideei atzemandako agiri hauek KAS-ETA harremana egiazta lezakete, baina ez ETA-Egunkaria edo KAS-Egunkaria harremana».

Kanpoko errealitatea.«Administrazio Kontseiluko kide ziren pertsonak erakartzea izango litzateke ETA erakunde terroristak bilatzen zuena, eta horrek egiaztatuko luke egunkariko buruzagiak erakunde terroristaren eta bere helburuen kanpokoak zirela».

Zuzendaria. «Argi eta garbi hautagai berria [Martxelo Otamendi] ez da ETArengandik sortzen, baizik eta ustez komunikatu egiten zaio [ETAri]. Horri ETAk erantzun zion -beti ere Guardia Zibilaren interpretazioaren arabera- esanez: 'Aukera hori ez zaigu oso txarra iruditzen, gehiegi ezagutzen ez dugun arren'. Alegia, zuzendariaren izendapena edo izendapenaren kontrola ezin zaio ETAri leporatu, ezagutu ere egiten ez zutela dirudienean».

Galdera nagusia.«Galdera nabarmena da: Egunkaria ez bada finantz iturri, ezta terrorismotik datozen diruak zuritzeko tresna ere, eta egunkariak ETAren terrorismoari sostengua ematen ez badio, ez zuzenean ez zeharka, indarkeria sustatzen edo legitimatzen ez badu, zertan laguntzen dio edo lagundu zion Egunkaria-ren jardunak ETAren helburuei?».

Epaiketarik ez. «Egunkaria ETA finantzatzeko edo haren diruak zuritzeko erabilia izan dela egiaztatu ez denez; ikusita Egunkaria, eta auzipetuak, ez direla ETA erakunde terroristaren helburuen alde aritu; ikusita auzipetuek ez dituztela legitimatu ekintza terroristak (...); ikusita auzipetuek terrorismoarekin kolaboratzeko inolako laguntza zehatz eta orokorrik ez dutela eman: bidegabea da ahozko epaiketa irekitzea. Ondorioz, (...) , behin behinean auzia ixtearen alde dago fiskala,eta auziperatzea eta prozedura honetan auzipetuen aurka hartutako kautelazko neurriak bertan behera uztearen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.