Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak "azkartu" egingo du EAE-ANVri buruzko ikerketa, "Batasuna legez kanpoko alderdiarekin loturarik baduen ikusteko". Ikerketa hori Baltasar Garzon epaileak ireki zuen joan den apirilean, eta bi alderdi haien artean "inolako harremanik ez" dagoela adierazi zuen orduan.
Ministerio Publikoaren iturriek gaur esan dute lehengo astean Fiskaltzak "pisuzko" polizia txostenak jaso zituela kasu horretaz. Capbretongo larunbateko atentatua "beste datu bat" dela dio, eta horregatik ez duela EAE-ANVren jarduera eteteko eskatuko.
Mariano Fernandez Bermejo (PSOE) Espainiako Gobernuaren Justizia ministroak gaur adierazi du "zantzurik ez" dutela EAE-ANVren legez kanporatzea eskatzeko. "Nahikoa froga dugunean ekingo diogu horri", esan du. "Ez dugu lehenago egingo, inguruabarrengatik ezin garelako presaka aritu, gai hau garrantzitsuegia baita".
Jose Blanco PSOEren antolakuntza idazkariak, berriz, "atentatua gaitzesten ez duena atzo baino okerrago dago" esanez, mezua bidali dio EAE-ANVri. PPk EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko exijitu du.
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuak esan du ez dela delitua EAE-ANVren "isiltasuna", "baina utzi egin behar dio isilik egoteari".
Fiskaltzak "azkartu" egingo du EAE-ANVri buruzko ikerketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu