Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gaur eskatu dio Baltasar Garzon auzitegi bereko epaileari eten ditzala EHAKren eta EAE-ANVren jarduerak bost urtez, Batasunaren menpe daudela argudiatuta. "Erabakia ahal bezain azkarren" azkartzeko galdegin dio.
2002an eskaera bera egin zuen Fiskaltzak Batasunarekin, Auzitegi Gorenean alderdi hura legez kanpo uzteko prozesua hasi baino lehenago. Batasunaren aurkako eskaria Gorenean aurkeztu zuenetik (2002ko iraila) epaimahaiak epaia eman bitartean (2003ko martxoa) sei hilabete eta erdi joan ziren orduan.
Bi alderdien aurka bide penaletik abiatutako prozedura azkartu nahian egin dio eskaera Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Garzoni. Martxoaren 9ko hauteskundeetan bi alderdiek aurkezterik ez izateko egin du, eta haien diru kontuak ixteko, egoitzak ixteko eta diru publikoen finantzaketa bertan behera uzteko eskatu du. EHAK eta EAE-ANV debekatzeko eskarietan emandako argudio berberak erabili ditu Fiskaltzak jarduerak lehenbailehen eteteko eskaria egiteko. Auzitegi Gorenari ere badaezpadako neurri hori hartzea galdegin dio dagoeneko.
Nolanahi ere, EHAK-ko eta EAE-ANVko ordezkariak datorren astelehen eta astearterako deitu ditu Garzonek. Auzitegi Gorenak gaur erabaki beharrekoaren antzekoa erabaki edo ez aztertzeko deitu ditu bi auzi-saioak.
Fiskaltzak gaur eskatu dio Garzoni EHAK eta ANVren jarduerak bost urtez eten ditzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu