Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak bilerak egin ditu legebiltzarreko talde politikoekin, eta formalki proposatu du Artur Mas Junts Pel Siko hautagaia Kataluniako Gobernuko presidente izateko. Inbestidura saioa astelehen arratsaldean hasiko da (17:00).
Forcadell Junts Pel Siko Jordi Turull eta Raul Romevarekin batzartu da. Ondoren, Romevak azaldu du indar independentistak Artur Mas proposatu duela hautagai gisa. Masek ez du parlamentuaren gehiengoaren babesa bermatuta, hura bozkatzea baztertu baitu CUPek. Lehen nahiz bigarren itzulian Masek beharrezkoak dituen botoak ez lortzeko aukeraz galdetuta, Romevak aitortu du ez dagoela akordiorik bi indar subiranisten artean, eta gaiak "zabalik" dirauela.