Fortuna handiak zergapetzea proposatuko du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean

2013ko irailaren 25a
18:52
Entzun

EAJk eta PSEk euren "anbiguotasuna" uztea dute helburu "kapitalaren errentak zergapetzea" proposatuta. Bihar izango da zerga sistemari buruzko osoko bilkura.

EH Bilduk proposamen "argiak eta zehatzak" egingo ditu bihar Eusko Legebiltzarrean. Gipuzkoan onartutako fortuna handien zerga eramango dute zerga sistemari buruzko osoko bilkurara. EAJk eta PSE-EEk egindako akordioa dela eta, bi alderdi horiek "literaturatik ekintzetara" igarotzea nahi dute, Oskar Matute eta Dani Maeztuk azaldu dutenez.

"Kapitalaren errentak gehiago zergapetzea" proposatuko du EH Bilduk, beraz, EAJk eta PSE-EEK zerga sistemaren inguruan duten "anbiguotasuna" bazter dezaten. Jeltzaleek eta sozialistek proposamen "hutsalak eta zehaztasunik gabeak" egingo dituztela uste du EH Bilduk, "orokortasunean mugituz eta proposamen zehatzetan lurreratu gabe". "Bi urtetan egin ez dutena azaltzeko zailtasun handiak" dituzte EAJk eta PSE-EEk, Matuteren arabera, eta halaxe ulertu behar da bi alderdi horien "orain arteko zehaztasun gabezia".

Jarrera hori Gipuzkoako Diputazioak hartutako neurriekin alderatu dute EH Bilduko kideek. "Gizartea kohesionatzeko lanean" aurrerapausoak eman direla azaldu dute. Biharko osoko bilkuran bi gizarte eredu islatuko direla uste dute: EH Bildurenak apustu egiten du "erabateko burujabetasunaren lanabesaren bidez eredu ekonomiko eta sozial desberdin bat eraikitzeko, pertsonak lehen lerroan jarrita". Beste ereduaren babesleak EAJ, PSE-EE eta PP izango lirateke; "orain arte egindakoa zalantzan jartzen ez duen eredua" litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.