Paueko (Frantzia) Auzitegiko epaileak baztertu egin du Kontxi Iglesiasen kontrako euro agindua, gaur jakin denez. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Miguel Angel Carvallok egin zuen estradizio eskaera, hark 1995ean Mallorcan (Herrialde Katalanak) Espainiako Erregearen kontrako atentatu batean parte hartu zuelakoan. Auzitegiak dio Iglesias Frantzian zigortu zutela auzi horregatik eta bete zuela zigorra (2004an atera zuten kartzelatik, lau urtean eduki ondotik).
Philippe Faisandier Frantziako fiskala Espainiaren eskaeraren kontra azaldu zen urtarrilaren bukaerako auzi saioan. Haren arabera, Iglesias Frantzian epaitu eta zigortu zuten auzi beragatik epaitu nahi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Europako legediaren arabera hori ezinezkoa da.
Frantziaren eta Espainiaren arteko azken akordioaren arabera, Espainiako fiskalek aukera dute Frantziako auzitegietan estradizio eskaerak defenditzeko. Eta Carvallok halaxe egin zuen.
Azaroaren 23an atxilotu zuten Iglesias, Espainiako Auzitegi Nazionaleko euroagindu eskaera baten ondorioz. Baionan bizi da, eta han atxilotu zuten. Ordu batzuk beranduago libre utzi zuten.
Frantziak baztertu egin du Iglesiasen kontrako euroagindua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu