Homeopatiaren eraginkortasunaren inguruko polemika ez da berria, baina badirudi eztabaida berpiztu duela Espainiako Osasun Ministerioak produktu homeopatikoen salmenta behin betiko arautuko duela iragarri izanak. Oraingoan, baina, eskari zehatza dute eszeptikoek: iragarritako arautzearen aurrean produktu homeopatikoek botika arruntei ezartzen zaizkien frogak gainditu behar izan ditzatela eskatzen dute, produktu horiek salgai jarri ahal izateko.
Luis Alfonso Gamez kazetaria da, eta esan daiteke "eszeptizismoa" dela harne ibilbidearen ardatzetako bat: Escépticos programa aurkeztu zuen ETBn 2011n; Magonia izeneko blogetik "misterioaren munduari begirada kritikoa botatzen" saiatzen da, eta Circulo Esceptico elkarteko kidea ere bada.
Azken elkarte horrek "pentsamendu kritikoa eta arrazoibidea" sustatzea eta "sasi-zientziak eta sasi-sendabideak" salatzea du xede. Azken bolada honetan, homeopatia hartu du begitan, batez ere Espainiako Gobernuaren iragarpenaren ostean, baina homeopatiaren kontrako salaketei aspaldi ekin zieten: 2011ko otsailaren 5ean, esaterako, elkarteko kideek "suizidio homeopatikoa" antolatu zuten Bilboko Indautxu plazan. Gamezek eta elkarteko beste zenbait kidek lo-eragilea omen den produktu homeopatiko bat dosi handitan hartu zuten, produktu horrek inolako eraginik ez zeukala erakusteko. Beraiek espero bezala, ez zitzaien ezer gertatu.
Oinarri zientifikoa
Homeopatiaren bi oinarri nagusiak, antzekoak antzekoa sendatzen duela eta sendagaia indartsuago bilakatzen dela uretan diluituz gero, auzitan jartzen ditu Gamezek: "Biek ala biek ez dute inolako oinarri zientifikorik. Homeopatiak ez du inoiz zientifikoki frogatu ezeren kontrako sendabidea denik. Eta, hala ere, arautu egiten da".
Bereziki, diluzioaren printzipioa oinarririk gabea dela begitantzen zaio Gamezi: "Jatorrizko substantzia uretan hainbeste aldiz diluitzearen poderioz, azkenean ez da substantzia horren arrastorik gelditzen salgai jartzen den produktu homeopatikoan. Hori defendatzen dutenek esaten dute urak memoria duela eta nolabait produktu horren arrastoa gelditzen dela gorderik, baina laborategietako azterketek, adibidez Escépticos telesaiorako egin genituen azterketek, frogatzen dute produktu homeopatikoetan ez dela gelditzen oinarrizko substantziaren molekula bakar bat ere. Produktu horiek ura eta azukrea baino ez dute, eta sendagai bakarra produktu horretan jartzen dugun fedea baino ez da".
Izan ere, Gamezek dio produktu homeopatikoek "berorietan sinesten dutenak" baino ez dituela sendatzen, "eta hori ez da batere zientifikoa. Benetako zientziak funtzionatzen du jendearen sinesmenak alde batera utzita. Nik zazpigarren solairutik salto egiten badut, neure burua hilko dut, grabitatearen legean dudan sinesmena gorabehera".
Hala ere, produktu homeopatikoen aldekoek argudiatzen dute produktu horiek praktikan emaitzak izaten dituztela eta hainbat gaixotasun sendatzen dituztela: "nsomnioa, ondoeza eta horrelakoak sendatzen ditu, hots, osagai psikosomatiko handia duten gaixotasunak", erantzun du Gamezek. "Edo, beste aldetik, berez eta denborarekin sendatzen diren gaixotasunak. Esaera zaharrak dio gripea zazpi egunean sendatzen dela botikak hartuta, eta astebetean botikarik hartu gabe. Hori da produktu homeopatikoekin gertatzen dena".
Banakotasuna da homeopatiaren beste ezaugarri garrantzitsu bat: sendabideak beti dira pertsonalizatuak, gaixo bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta. "Hori oso ondo egongo litzateke", dio Gamezek, "homeopatiaren industriak milaka produktu kaleratuko ez balitu modu masiboan merkatuan saltzeko. Hor ez dago inolako pertsonalizaziorik".
"Baina, gainera", gehitu du Gamezek, "iruditzen zait tranpa egiteko modu bat dela. Nik lo-eragile homeopatikoak irentsi ditut, kutxa osoak, nirekin batera jende gehiagok egin du, eta gero, garagardoak edatera joan gara: ez dugu inolako efekturik izan. Horren aurrean esatea sendabide horiek pertsona batzuekin funtzionatzen dutela eta beste batzuekin ez, tranpa egitea da".
Produktu homeopatikoak bestelako sendagaien osagarri gisa aurkeztea ere "beste ezkutu bat2 dela pentsatzen du Gamezek. "Batzuek aholkatzen dute, botika arrunta hartzeaz gain, produktu homeopatikoa hartzea. Jakina, gaixoa sendatzen bada, homeopatiak funtzionatu egin du. Ez bada osatzen, medikuntza tradizionalak huts egin du. Beti ateratzen dira garaile".
"Iruzurra legeztatzea"
Espainiako Gobernuak egin duen iragarpenaren harira, Gamezen iritzia oso argia da. Haren ustez, "iruzurra legeztatzea" da Osasun Ministerioak produktu homeopatikoak arautu nahi izatea. Eta pentsatzen du AEMPS Botika eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak, horrelako produktuak onartuta, iradoki egiten diola kontsumitzaileari 2produktu horiek eraginen bat2 dutela.
Europako Batasunaren aginduari jarraitzen dio Espainiako Gobernuaren iragarpenak. Alde horretatik, Gamezek ohartarazi du presio taldeek garrantzi handia dutela Europako Batasunak hartzen dituen erabakietan, eta produktu homeopatikoena "negozio handia" dela, "diru asko mugitu eta lanpostu asko sortzen dituena, batez ere Frantzian eta Alemanian".
Europako Batasunak 2legezko markoa" ezartzen du, baina, gero, estatu bakoitzak garatu behar du aipatutako esparru hori. Eta, Gamezen aburuz, hor badago gutxieneko eskakizun bat, garapen horretan agertu beharko lukeena: "Gobernuari, bertan dagoen alderdia edozein delarik ere, exijitu behar zaio produktu homeopatikoek eraginkortasuna froga dezatela, edozein zerrendatan sartu ahal izateko. Orain arte ez zaie horrelakorik eskatu, ez dute inolako frogarik gainditu behar izan, eta, ondorioz, ez dute frogatu ezelako gaixotasunik sendatzen dutela".
"Produktu batek ez badu balio sukarra kentzeko, ez dezatela esaterik izan, ez produktuaren publizitatean ez beste inon, produktu horrek sukarra kentzen duela. Eta sukarra kentzen badu, froga dezatela hala dela, gainerakoei exijitzen zaien bezala. Pellokeria dirudi, baina oso eskakizun oinarrizkoak dira", gaineratu du Gamezek.
Horrelako neurriekin, "kontsumitzaileak babestea" bilatzen dute homeopatiaren inguruan eszeptiko agertzen direnek. Hala gaineratu du Luis Alfonso Gamezek: "Iruzurra ezin da erregularizatu, batez ere, herritarren osasunarekin jolasten ari badira. Botika ez den gauza bat ezin da botika bezala saldu. Bakoitzak dirua nahi duen bezala gasta dezake, baina, behintzat, horren jakitun izanda, eta homeopatiak ur bedeinkatuaren eragin berbera duela jakinda".