"Inorentzat ez da ona hainbat sektorek dituzten zailtasunak industria osora estrapolatzen saiatzea". Bizkaiko metalgintzako enpresen federazioko zuzendari kudeatzaile Jaime Fernandezek injustutzat jo du euskal industriaren egoeraz "alarma sentsazioa" sortzea. "Ezin dira parekatu sektore batzuen eta besteen egoerak".
Aurkia eta ifrentua aipatu ditu Fernandezek. Txinako dumping-ak eta argindar merkeak euskal altzairugileak —Sestaoko ACB eta Zumarragako Arcelor Mittal, kasurako— eta petrolio merkeak hodien ekoizleak —Amurrioko Tubos Reunidos eta Galindoko Productos Tubulares, adibidez— kinka larrian jarri baditu ere, "bilakaera ona" izaten ari direnak nabarmendu ditu patronaleko ordezkariak: "Autogintza, aeronautika, ontzigintza eta elektronika bide onean doaz".
Koiunturazkoa?
Fernandezek onartu du industriaren egoera globala "pixka bat" aldatu dela, baina ez besterik. Oraindik alarmak piztetik "urrun" dagoela uste du: "Poliki goaz, bai, baina hazten, gorantz. Arazoa da hazkunde horrek ez duela enplegua sortzen. Lanpostuak berreskuratu behar ditugu".
Arcelorren eta Tubos Reunidosen kasuak "koiunturazkoak" izan daitezkeela azaldu du FVEMko buruak. Zehazki, Arcelor Mittalen egoera "konplikatua" dela aitortu du, baina hobe daitekeen itxaropena du, betiere Europak "beharrezko neurriak" hartzen baditu dumping-aren aurka.