Gaitzespen zabala jaso du atentatuak

2008ko otsailaren 29a
15:05
Entzun
Rodolfo Ares PSE-EEren Antolakuntza idazkaria izan da bart goizaldean ETAk Derion egin duen atentatua gaitzesten lehena, lehergailua zartatu eta ordubetera joan baita bertara, kalteak neurtu eta erasoa gaitzestera.Haren ondotik, ia alderdi guztien eta erakunde askoren gaitzespenak heldu dira, hala nola, Jaurlaritzarena, Derioko Udalarena, eta EA, EB, Aralar alderdienak, ELA sindikatuarena, Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiarena eta Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarena.

Derioko Udalak batzar berezia egin du gaur goizean, eta atentatua gaitzestea eta arratsalderako protesta bilkura antolatzea erabaki du. 19:00etan egingo dute Herriko Plazan. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideek parte hartu dute batzarrean, EAE-ANVko zinegotzi bakarrak salbu. Beste zinegotzi guztiek, hau da, EAJ, PSE, EA eta PPkoek bat egin dute gaitzespenarekin. Lander Aiartza Derioko alkateak (EAJ) agertu duenez, goiz guztian EAE-ANVko zinegotziarekin harremanetan jartzeko ahaleginetan ibili dira, baina ez dute lortu.

EA eta EB, berriz, bat etorri dira euskal gizartea ETArekin "aspertuta" dagoela; hori dela eta, "desagertzeko" eskatu dio ETAri EBk. EAk, aldiz, "konponbide politiko eta demokratikoaren alde" lanean jarraituko duela agertu du. Aralarrek, berriz, Derioko atentatuak Euskal Herriko gatazka larritzeko besterik ez duela balio adierazi du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusiak, berriz, "ETAren lerrotik aldendu eta atentatua gaitzesteko" eskatu dio Derioko EAE-ANVko zinegotziari. Derioko erasoaren bidez ETAk bi helburu bete nahi izan dituela iritzi dio Pastorrek: batetik, kanpainan sartu, eta, bestetik, PSE-EEko militanteak kikildu. Bigarren asmo hori behintzat ez dutela lortuko erantsi du.

Espainaiko Gobernuaren EAEko ordezkari Paulino Luesmak gogor gaitzetsi du atentatua, eta "terrorista guztiek beren ekintzetako bakoitza" ordainduko dutela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.