Jose Ramon Lete Lasak (Donostia, 1957) anaia zaharrena du Iñaki, Gasteizko Santiago Ospitaleko Tokoginekologia Saileko buru eta kontrazepzio gaietan nazioarteko aditua. Anaia du Juan, puntako bizikletak saltzen dabilena. Anaia du Victor, Espainiako Kirolaren Kontseilu Goreneko kide. Jose Ramon, anaietan hirugarrena, Galiziako Xuntan, Kirolaren idazkari nagusi… Ez omen da misteriorik. "Gurasoek erakutsitakoa dugu errezeta: esfortzua, lana eta erabakimena. Kirolak berak erakutsi diguna, azken finean". Esfortzuaren kultura: "Galdu egin da, neurri batean. Gurasook ere errudun gara. Umeak ikusi zer edo zertan, eta: ‘Ez, ez, ez zaitez horretan ahalegindu’. Ikasketetan ere, erlaxatu egin garela uste dut. Gizartea bera lasaitu egin da, oro har, gauza guztietan. Esfortzuaren kultura biziberritzea dagokigula uste dut. Bizitzan, joko garbiak eta esfortzuak izan behar dute arrakastaren giltza".
Saskibaloi jokalari profesional ohiak Vigon bukatu zuen ibilbidea, eta, etxera itzuli beharrean, hantxe laketu zen; Galizian geratu zitzaigun betiko... "Zergatik gelditu naizen Galizian… Galdera ona… Izan zen Nobel saridun bat, galiziarra, zera zioena: ‘Batxilergoa egiten duen tokikoa da norbera’, Camilo Jose Celak esana. Beste batzuek diote jaio den lekukoa dela pertsona. Txisteak, berriz, dio Bilbokoak nahi duten tokikoak direla… Ni, izatez, euskalduna naiz. Odolean daramat, ezin ukatuzkoa zait; horrekin jaioa naiz. Poetak, bestalde, dio pertsona ez dela jaiotzen den lekukoa, hil nahi duen lurrekoa baizik... Eta nik Galizian hil nahi dut. Galizian, bizitza pertsonalean eta politikoan, pentsatzen dudana esaten dut. Beti ez da erraza, ezta erosoa ere, baina zera esan ohi dut egokierak horretara behartzen nauenean: ‘Jaun-andreok, euskal txapela jantzita hitz egingo dut orain’. Eta pentsatzen dudana esaten dut…".