Garbiñe Biurrun: "Harrigarria da argudioa, eta dena nola gertatu den"

2013ko azaroaren 16a
16:31
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidenteak baliogabetu zituen Laminaciones Arreguiko langileen kaleratzea orain hamahiru hilabete pasatxo. Garbiñe Biurrunek, alegia. Orain bere epaia zuzendu du Espainiako Auzitegi Gorenak; jatorrizko epaian "ez dagoen abiapuntua" baliatu dela dio.

Ezustean harrapatu zaitu epai honek?

Gure epaian ez dagoen abiapuntua hartu dute beste bat eraikitzeko. Bi espediente baleude bezala jokatzen dute; kaleratzeen artean bereizten du. Lehenengo 91 kaleratzeen ondorengoek espedientea zabaldu zuela diote. Guk ez genuen gure epaian horrelakorik aipatu; inork ez zuen aipatu epaiketan. Gure iritziz, iazko apirilean erregulazio dosier bat ireki zuen enpresak 91 langile kaleratzeko. Kontsulta garaia bukatu zuen greba hasierarekin batera, eta gero Gasteizko eta Urbinako plantak ixtea planteatu zuen.

Bi dosier egon ziren orduan?.

Bi erabaki egon zirela diote, eta bi espediente balira bezala aztertzen dute. Horrela balitz, arrazoia lukete. Gure iritziz, ez zen horrelakorik izan, ez zen aipatu ere gure epaiketan.

Harrigarria dirudi jatorrizko epaian ez dagoen abiapuntua baliatzea Gorenak, ezta?

Harrigarria izan da dena nola gertatu den, harrigarriak argudioak, eta zein orekatua egon den eztabaida Gorenaren barruan, baita boto partikularraren gogortasuna ere, benetan gogorra baita.

Goreneko epaileen erdiek kasik ez dute horrela ikusten ere.

Bost epailek boto partikular gogorra sinatu dute, eta beste bat ere ez da ados izan epaiarekin, seigarrena. Zazpik osatu dute gehiengoa, eta, beraz, oso eztabaida gogorra egon da. Sinatu ez dutenek diote boto partikularrean dosier bakarra egon zela, ekainean jakinarazi zena, langileen grebari erantzuteko.

Epaia sinatu dutenen aurka argudio gogorrak eman dituzte boto partikularrean.

Bai, diote gure epaian ez dagoen egitate bat atera dutela, eta hortik abiatu dutela eurena.

Auzitegi Goreneko epaiak ez dirudi oso irmoa denik.

Argi dago ahula dela, zazpi-sei izan delako, eta horrek adierazten duelako zer eztabaida izan duten. Ez dut gehiago esan nahi horri buruz. Gorenaren epaia eta boto partikularra irakurtzearekin nahikoa da ulertzeko zer gertatu den.

Asko zeuden zuk zeuk idatzitako epaiari Espainiako Auzitegi Gorenak emango zion erantzunari begira, ebazpena eredugarritzat jotzen zutelako langileen alde aritzeko eta lan erreformari aurre egiteko. Horregatik etorriko zen ezuste hau?

Ez dakit zergatik eman duen epai hau Gorenak, eta ez beste bat. Hala ere, Gorenaren Lan Arloko osaera aldatu egiten da noiz behinka, eta orekak alda daitezke luze gabe, eta beraz, ikusiko dugu epai hau jurisprudentzia jartzen duen edo ez. Zaila da esaten.

Epaia behin betikoa da? Edo helegite bat jar daiteke?

Auzitegi Konstituzionalean jar daiteke babes helegitea, baina zaila dirudi. Ez dagokit nire esatea zer egin daitekeen, abokatuei baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.