Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) ixteko eskatu dute hainbat lagunek gaur, Gasteizen, Garoñarik gabeko Araba plataformak deituta. Berrehunen bat lagun batu dira elkarretaratzean, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. 60 bat elkartek osatzen dute plataforma. Alberto Frias bozeramaileak esan du Fukushima Japoniako zentral nuklearraren antzekoa dela Garoñakoa.
Duela 40 urte zabaldu zuten Espainiako zentral hura, eta Arabatik oso-oso gertu dago. 40 urtean aritzeko baimena zuen arren, Espainiako Gobernuak 2013ko uztailera arte jarduteko baimena eman zion duela hilabete batzuk.
Aste honetan berriro eskatu du Eusko Legebiltzarrak Garoña ixteko.