Kaleko istiluak aski ez, eta beste arazo bat gehitu zaio Ukrainako Gobernuari. Ekainaren 1etik aurrera, aldez aurretik ordaindu beharko dio Ukrainak Errusiari gas hornidura. Atzo amaitu zen Ukrainarentzat Errusiarekiko duen zorra ordaintzeko epea; maiatzaren hasieran 3.500 milioi dolarrekoa zen zorra.
Aleksandr Novak Errusiako Energia ministroak azaldu du, 2009an Errusiako Gazprom eta Ukrainako Naftogaz partzuergoak sinatutako akordioaren arabera, adostutako neurriak ez betetzeak aldez aurretikako ordainketa sistema ezartzea dakarrela. Gazpromek hilaren 16an jakinaraziko dio Naftogazi ekainerako aurreikusitako gas bolumena zenbatekoa den, eta Ukrainak behar duena ordaintzen dion heinean ahalbidetuko dio hornidura.
Novakek jada ohartarazi zituen Ukraina eta Europako Batasuna hilaren 2an Varsovian egindako bileran: Gazpromek hornidura eten dezake Ukrainak dagokiona ordaindu ezean.