Gasteizko gaztea, arriskutik kanpo

2013ko uztailaren 15a
12:28
Entzun

Larunbateko entzierroan zezen plazaren sarreran osatutako giza tapoiaren ondorioz, 23 pertsona erietxeratu behar izan zituzten. Larrien zegoena Gasteizko gaztea zen, hemeretzi urtekoa: arnasa hartzeko aparatu bati lotu behar izan zuten, giza tapoiaren azpian harrapatuta geratzearen ondorioz. Traumatismo toraziko larriagatik erietxeratu zuten, itomen sindromearekin, baina Nafarroako Osasun Zerbitzuek adierazi dutenez, jada arriskutik kanpo dago.

Hala ere, hainbat proba egin beharko dizkiote, ezbeharrak garunean ondorioren bat utzi dion edo ez jakiteko. Izan ere, norbaitek asfixia sindromea pairatzen duenean, "sufritzen duen lehenengoa burmuina da", Javier Sesmak adierazi duenez.

Erietxeratu zituzten 23 pertsonetatik, hamazazpiri jada eman diote alta. Ospitalean jarraitzen dutenak onera egiten ari direla adierazi dute. Berdin atzo zezenak adarkatu zuen 23 urteko neska australiarra: ebakuntza egin zioten eta onera egiten ari dela baieztatu dute, baina haren egoera oraindik oso larria dela jakinarazi dute. Medikuak, hala ere, itxaropentsu agertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.